Villamonteko Kultur Etxeko espazioak berriz ireki dituzte

Laura Fontalba Colomo

© GETXO KULTURA

Urtebeteko obrak amaitu ostean, urriaren 5ean, astelehenean, Algortako Kultur Etxeko azken 12 hilabeteetan itxita egon diren espazioak berriz jarri dituzte herritarren eskura. Zentroak 1.242 metro koadro baino gehiago eta ia 300 pertsonentzako edukiera ditu.

Getxo Kulturak adierazi duenez, eraikin berrituak 1.242,62 metro koadro ditu. Horietako zatirik handiena liburutegian dago; espazioa erabat berrantolatu dute funts-bibliografikoa eta ikus-entzunezko materiala modu "irisgarriagoan" kokatzeko. Izan ere, 0 eta 10 urte arteko umeentzako gunea berritu dute, eta 11 eta 16 urte arteko gazteentzako eremu propioa sortu dute. Gainera, liburu-biltegi berria ere prestatu dute.

Horrez gain, aireztapen eta klimatizazio sistema integrala jarri dutela, bi erabilera anitzeko areto berri prestatu, barrualdea eta kanpoaldea estetikoki berritu eta instalazio elektrikoak ordezkatu dituztela jakinarazi dute. Bestalde, mugikortasun urriko pertsonentzako komun egokitua ere egin dutela, umeentzako aldagailuagaz, eta langileen guneak lekuz aldatu eta berritu dituztela iragarri dute.

Getxo Kulturaren arabera, espazio berrituak 299 pertsonarentzako edukiera izango du, erakusketa-aretoa guztiz martxan jarri arte. Liburutegiari dagokionez, irakurketa eta ikasketa guneetan 53 plaza izango dira; ume eta gazteen espazioetan, 24; eta erabilera publikoko ordenagailuetarako, 11. Gainera, bi ikasketa- eta irakurketa-gune, ordenagailu eta tabletetarako eremua eta hainbat erabilera anitzeko areto ditu.

Berrikuntzako lehen fasea 2023an amaitu zuten, 155.200 euroko aurrekontuagaz. Oraingo bigarren fasea, berriz, 2025eko otsailean lizitatu zuten. Hasierako aurrekontua 430.184,46 eurokoa zen, BEZik gabe; azkenean, Horlasa Construccion y Servicios enpresari esleitu zioten eta aurrekontua 406.208,45 eurokoa, BEZik gabe, izan da. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun