Getxok 'AsteKlima, Klimaren eta Energiaren Astea' ospatuko du urriaren 16tik 22ra

Laura Fontalba Colomo

Aurten ere, klima-aldaketari buruz ikasteko eta parte hartzeko askotariko tailerrak egingo dituzte. © ASTEKLIMA

Udaleko Inguruneko Unitateak antolatuta, urriaren 16tik 22ra, hainbat doako jarduerak egingo dituzte Getxon AsteKlima, Klima eta Energiaren Astearen beste edizio berri bat ospatzeko.

Udalak aipatu duenez, klima-aldaketari buruz ikasteko eta parte hartzeko askotariko jarduerak antolatuko dituzte. Helburua ingurunea zaintzearen garrantziaz jabetzea eta klima-aldaketaren ondorioak hobeto ezagutzea izango da.

Barikuan, Getxon barrena, berdeguneek, arkitekturak eta hirigintza jasangarriak berotik babesten eta klima-aldaketara egokitzen nola lagun diezaguketen ezagutzeko, ibilbide bat antolatu dute. 11:00etatik 13:00etara izango da eta Bizkaia Zubia plazan hasiko da. 12:00etatik 13:30era, Areetako Geltokia plazan, balkoietan euri-ura biltzeko tailerra egingo dute. 

Aste-akabuan, zapatuan, Asteklima Azoka jarriko dute, klima aldaketakaz lotutako karpa eta jolasakaz. 11:30etik 15:00etara eta 17:00etatik 18:30era egongo da irekita Algortako Geltokia plazan; eta, euria egiten badu, San Nikolas plazako frontoira eramango dute. 

Domekan, 11:30etik 15:00etara, Areetako Geltokia plazan familiako klima tailerrak egingo dituzte. Hainbat motatakoak izango dira: lore ontzietan haziak ereiteko, buztina moldatzeko edo usain poltsatxoak eta xaboia egiteko tailerrak, besteak beste.

Astelehenean, 18:00etatik 13:30era, pertsonalizazio tailerra egingo dute Getxoko Elkartegian. Bertan, gogoko dugun arropa eta objektuei bizitza berri bat emateko aukera egongo da. 18:30etik 20:00etara, Itzubaltzeta/Romoko Kultur Etxean, energia berriztagarriak ezagutzeko tailerra egingo dute. Eguzki- eta haize-energiak ezagutarazteko helburuagaz, eguzki-energia darabilten etxe bat eta auto elektriko bat sortzeko tailerra izango da. 

Martitzenean, 17:30etik 19:00etara, San Nikolas Plazan, elikagaien xahutzearen aurkako tailer praktikoa antolatuko dute. Erosketa arduratsua egiten, hozkailua antolatzen eta batch cooking teknika erabiltzen ikasteko helburuagaz. 17:30etik 19:00etara berriz, landareak nola zaindu erakutsiko dute Algortako Geltokia Plazan.  

Eguaztenean, 18:00etatik 19:30era, Eskoletako plazan, materiak birziklatuakaz batukada bat sortzeko tailerra antolatuko dute; hondakinak instrumentu bihurtzen ikasteko, eta tresna horiekaz batukada erakustaldi bat egiteko. Aldi berean, liburu-truke bat antolatuko dute istorioak partekatzeko, irakurketa sustatzeko eta planeta zaintzeko helburuagaz. 

Eguenean, konposta egiteko tailerraren txanda izango da. 12:00etatik 13:30era, Areetako Geltokia plazan, materia organikoa modu errazean birziklatzeko moduak, konpostagailu txiki bat egiten eta lorategiko konpostagailua erabiltzen irakatsiko dute. Arrastian, 18:00etatik 19:30era, etxetresna elektriko txikiak konpontzeko tailerra egingo dute; euren bizitza erabilgarria luzatzeko eta ingurumenean duten eragina murrizteko helburuagaz. 

Jardueretan izena emateko epea dagoeneko irekita dago, lanorduetan, telefonoz 605 749 064 deituz, edo asteklimagetxo@gmail.com e-postara idatziz. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun