Lucia Astigarraga Getxon jaiotako eszena-zuzendaria eta aktorea da. EHUn Kimika Ingeniaritza ikasi bazuen ere, Arte Dramatikoko ikasketak egin zituen Madrilgo RESADen, estatuko Arte Dramatikoaren Errege Goi-Eskolan, Antzerki Fisikoaren espezialitatean, eta urtebete Belgikako Monseko Errege Kontserbatorioan eman zuen. Ordutik, aktore, eszena-zuzendari eta zuzendaritza-laguntzaile gisa aritu da Euskal Herrian zein nazioartean, Alemanian eta Suitzan besteak beste. Gainera, Calixto Bieitoren zuzendari-laguntzaile eta birjarpen-zuzendari –revival director– ere izan da hogei ekoizpen baino gehiagotan. Aldi berean, Carmen eta Manon zuzendu ditu Aacheneko antzokian, eta La Bohème eta L'elisir d'amore Luzernan. Orain, etxean ere utzi ditu arrastoak, Arriaga Antzokiko Saturraran operaren zuzendaritzagaz; aurten, Gaupasa antzezlanean aktore eta eszenografo gisa; eta bere hurrengo proiektuagaz: Lamiako 1979 euskarazko operagaz.

Berak azaltzen duenez, pandemia arte zuzendari-laguntzaile moduan ibili zen, eta horri esker, talde handitan lan egiteko ohitura hartu zuen. Orain, zuzendari izatea nahiago duela onartu du, baina rol guztien garrantzia erdian jarriz. Gaupasaren kasuak ondo erakusten du bere lan egiteko modua. Ez da kanpotik begiratzen duen sortzailea: proiektuaren barruan sartzen da, fisikoki eta emozionalki. Obra horretan, eszenografia eta produkzioa egin ditu, eta aktorea ere izan da; ideia eta muntaketa, gainera, Itzubaltzeta/ Romoko bere terrazan landu zituen. Astigarragaren esanetan, antzerkian, sarri, "denetarik" egin behar izaten dute, baina berari proiektuan hain barrutik egotea, lana sortzea eta lagunekaz partekatzea gustatzen zaio. Horregatik, gaur egun, ez ditu proiektuak izenaren, tamainaren edo aurrekontuaren arabera bakarrik aukeratzen. Pertsonak dira erabakigarriak. "Jendearen arabera erabakitzen dut guztiz", dio. Aurrekontua zuten proiektu batzuei ezetz esan izan die lan egiteko giroa ez zitzaiolako egokia iruditzen. Kontrara, baliabide gutxiagoko lanetan murgildu da gustura, ondo sentitzea eta taldeagaz konfiantzan aritzea lehenesten duelako. "Adibidez, Pabellon 6eko Pelotazo antzezlanaren testua zortzi pertsonen artean idatzi dugu, beraz, dirua ez zen kontua; eroso egotea, bai". Suitzan edo atzerriko beste herrialde batzuetan lanean aritzean, ordea, erosotasun hori zailagoa dela azaldu du. Astigarragak gogoratu duenez, aurten, lau hilabete egon da Suitzan: "Han ekonomikoki hobeto daude eta antzerkira joaten dira pilo". Lekuko aktore eta abeslari finkoak dira herri bakoitzean, beraz, jendeak ere ezagutzen ditu; hemen, berriz, "ahal duenak bere burua salbatu dadila" dela tamaldu du.
Bere ibilbidean zehar hainbat rol bete ditu, horregatik badaki zer dagoen bakoitzaren atzean: badaki aktoreak nola sentitu ahal diren eta hori zuzendari baten ezagutzaren barruan nahitaezkoa dela dio. "Aktore moduan oso dudatsua naiz, baina zuzendari gisa, nire ardura taldea zaintzea da, entzutea eta beti hor egotea: lehena eta azkena izatea, egunero", dio, zera gehituz: "Egun batean aktore bat txarto sentitzen bada, sostengua izan behar zara. Eta taldeari esan behar diozu: ‘Goazen, badugu zer egiteko, goazen aurrera’. Eta ahalmen hori nik badaukat".
"Nire zeregina hemen handiagoa da: emaitza ona izan behar da, bai, baina prozesuan ere zeozer zor diet"
Orain, Euskal Herrian dituen proiektuak ere garrantzitsuak dira berarentzat, bere sustraiak mantentzeko aukera eskaintzen diotelako. Izan ere, datorren urtean, Lamiako 1979 antzezlana egingo du. Astigarragarentzat ez da beste lan bat soilik: etxeko memoriari begiratzeko modua ere bada. Proiektuak Lamiakon orain dela 40 urte sortu zen mugimendu bat izango du abiapuntu: langabeziak eta testuinguru politikoak markatutako garaian, herritarrek euren historia kontatzeko eta bertako ohiturak berrasmatzeko egin zuten ahalegina. Lamiakokoek lan "itzela" egin zutela onartu du Astigarragak, ez baitzituzten bakarrik ohiturak berreskuratu, baizik eta berriak ere sortu zituzten. Proiektu honetan, Leioako Kantika Koralak parte hartuko du, Basilio Astulezen zuzendaritzapean. Astigarragak aurretik ere lan egin du talde horregaz, Galerna opera garaikidean. "Kantika Koralakoak oso gazteak dira. Ez dira profesionalak eta ez dute soldatarik izango. Jende hori ez dago hemen nirekin lan egiteko, haiek hemen daude zeozer ikasteko eta esperientzia on bat izateko. Orduan, asko pentsatzen dut nire zereginak hemen handiagoa izan behar duela: emaitza ona izan behar da, bai, baina prozesuan ere zeozer zor diet", aitortu du berak.
"Aktore moduan oso dudatsua naiz, baina zuzendari gisa, nire ardura taldea zaintzea da"
Izan ere, Lamiako 1979 antzezlana proiektu profesionala izango da eta jendeak sarrerak erosiko ditu; beraz, parte-hartzaileek "zer edukiko dute?" Hori da Astigarragak sentitzen duen ardura. Suitzan, berriz, ez du hori sentitzen, han koruak profesionalak direlako eta kideek betebehar profesionalak dituztelako. Hemen, aldiz, Kantika Koralako kide guztiak ume eta gazteak dira, eta egun osoa ikasten ematen dute, eskolan edo unibertsitatean. Egunaren azken orduetan, ordea, koruari eskaintzen dizkiote denbora eta energia, eta horrek eskatzen duen ahalegina eta konpromisoa kontuan hartu behar direla uste du. Orain, istorioa errealitateari leial kontatzeko, dokumentazio-lana funtsezkoa izaten ari da. Liburuak eta argazkiak aztertzen dabil, Jose Luis Raymond elkarrizketatu du — Lamiakoko maskaradaren sortzaileetako bat eta gaur egun eszenografoa—, eta Lamiako Maskarada Kultur Elkarteagaz ere egon da, proiektua bertako ahotsetatik eraikitzeko.
Zuzendariaren lana ez dela besteena baino garrantzitsuagoa uste du; adibidez, Jon Saenz Rubio musikaz, Hegoa Alvarez Zorroza libretoaz eta Ibai Labega jantziez arduratzen dira, eta bakoitzaren lana funtsezkoa da proiektuan. "Harremanak gidatzea, jendea entzutea edo aholkuak ematea ikusten ez diren gauzak dira, baina nire ardura da, eta horregaz oso ondo sentitzen naiz", azaldu du berak. Era berean, hori da besteetan sortu gura duena, eroso sentiaraztea: "Azkenean, lehen esan dudan bezala, nik rol guztiak bizi ditut, horregatik badakit lanean eroso ez egotea oso zaila dela; eta, horregatik, zuzendari moduan hori saihesten saiatzen naiz". Aipatu duen moduan, ez da erraza beti giro on bat mantentzea; izan ere, giroa apurtzea oso erraza dela uste du, hitz ozen batek egun osoko energia baldintzatu dezakeelako, eta argi dauka ez duela nahi jendeak beldurregaz lan egitea.
Opera abeslariak
Ildo horretan, operaren munduak ere begirada hori eman dio, eta artisten atzean dagoen presioa gogoarazi du. Adibidez, opera abeslariei ahotsean beste edozein instrumenturi eskatzen zaion zehaztasun bera eskatzen zaie: ahotsa ezin zehatzago afinatu, proiektatu eta modulatu behar dute. Astigarragak azaldu duenez, opera abeslariei makina bategaz neurtzen zaie euren tonua, instrumentuakaz afinatuta egoteko. Opera abeslariakaz elite kirolariakaz bezala gertatzen dela adierazi du, ahotsa euren tresna delako. Izan ere, eszenan dagoen edozein artista eliteko kirolari baten antzekoa da nolabait: ahotsa eta gorputza ditu bere tresna, eta errendimendu gorena lortzeko prestatu eta zaindu behar ditu.
Artistak uste duguna baino zaurgarriagoak dira, une oro beren burua eta lana jendaurrean erakusten baitituzte. Horregatik, Astigarragaren ustez, ego osasuntsu bat ere behar dute, lanbidearen zaurgarritasunari eta etengabeko esposizioari aurre egiten lagunduko diena. Zorionez, gaur egun, uste duguna baino opera abeslari gehiago daude. Kantika Koralean, azaldu du Astigarragak, Basiliok oso ondo prestatzen du taldea. Askok Muxikenera, Donostiara, joaten dira abeslariak izateko; eta, jakina, askok Alemanian eta Erdialdeko Europan amaitzen dute lanean, operaren munduko epizentroetako batean.
Ibilbide berria
Datorren urtean, Astigarraga Alemaniara proiektu berri bategaz bueltatuko dela aurreratu du, baina oraindino ezin ditu xehetasunik eman. Orain dela urte bat, L'elisir d'amore proiektua egin zuen bertan. Ibai Labega bilbotarrak jantzi-diseinuak egin zituela dio; eta, aurten, Gabonak arte, 11 aldiz antzeztuko dute, nahiz eta bera Getxon egon.
Hala ere, hemen lanpetuta dagoela adierazi du. Alex Gerediagak idatzi eta zuzendutako I’m Bath proiektuan sartuta dagoela dio: "Otsailean, Arriaga Antzokian erakutsiko dugu, eta lau hilabetez Euskal Herriko hainbat antzokitan zehar ibiliko gara. Orain arte, Sopelan eta Leioan egon gara entseatzen". Estetikoki oso ederra eta aldi berean ezustekoz betea den antzezlana dela azaldu du: "Sei istorio dira, eta istorio guztiak geltoki baten bainugelan gertatzen dira; baina lekuaren arabera, seitik hiru ikusten dituzu, zeintzuk izango diren jakin barik. Elorrion ikusten baduzu, agian, Miren Gaztañaga, Jon Ander Urresti eta ni gaude; baina beste leku batean ikusita, beste istorio bat eta beste aktore batzuk egon daitezke".
Nazioarteko ibilbidea egiten jarraitu arren, Astigarragak gero eta presentzia handiagoa du Euskal Herriko eszenan. Urteetan aktore, zuzendari eta ekoizle gisa pilatutako esperientziak, gainera, lan egiteko modu propio bat eraikitzen lagundu dio: emaitza artistikoa ez ezik, prozesua, harremanak eta taldeko kideen ongizatea ere erdigunean jartzen dituena. Nazioartean bidea egiten jarraitzea eta, aldi berean, etxean lanean aritzea da orain bere ibilbideak hartu duen norabidea.