Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo edizioan berrikuntzak egongo dira. Urriaren 28an, sektorearen erronkei buruz hausnartzeko mahai-inguru bat, talentu berriei dedikatutako pasarela bat eta moda zein merkataritza-proposamen ezberdinak bilduko dituen hitzordu handi bat eskainiko dituzte. Ondoren, urriaren 29an, Muxikebarrik berriz hartuko ditu bi erakustaldi handiak, tokiko
merkataritza, diseinua, gazte-indarra eta nazioarteko sorkuntza uztartuz.
Eguaztenean aurkeztuko duten mahai-inguruan, industria dagoeneko eraldatzen ari diren erronkak eta aukerak aztertzeko hainbat ikuspegi profesional bilduko dituzte. "Diseinua, berrikuntza, jasangarritasuna, prestakuntza, teknologia eta sormena izango dira elkarrizketaren ardatz nagusiak. Solasaldi horretan, modak zer bilakaera duen aztertuko da, bai eta talentuak, lankidetzak eta egokitzeko gaitasunak modaren garapenean duten papera ere", azaldu dute antolatzaileek.
Solasaldia Alicia San Juan kazetariak moderatuko du; eta sektoreko hainbat arlotako kideek osatuko dute. Assaad Awad, nazioarteko diseinatzailea; Miriam Ocariz, diseinatzaile eta artista; Borja Hernandez, Getxoko diseinatzailea; Rodolfo MacCartney, merkataritza, moda eta luxuan aditua; eta Silvia Gallego, estilista eta Kunsthal eskolako irakaslea egongo dira bertan.
Urriaren 29an, Euskal Herriko moda-diseinuko talentu berriak "bultzatzeko, ikusarazteko eta ezagutarazteko" sortutako plataformaren txanda izango da: Getxo Moda Lab. Sarrera gonbidapen bidezkoa izango da, eta Getxo Moda 2026an parte hartzen duten denda zein enpresen bidez eskuratu ahal izango da.
Helburua prestakuntza-aldian dauden diseinatzaile berriak arlo profesionalarekin konektatzea izango da. Bertan, euren ideiak eta bildumak sektoreko adituen aurrean aurkezteko aukera izango dute, baita euren proposamenak Getxo Modako programazio ofizialean txertatutako pasarela baten bidez ikusarazteko ere. "Eskola eta ikastetxe espezializatuen parte-hartzeari esker, Getxo Moda Labek talentu berrien bildumak bilduko ditu. Horrez gain, sormena, originaltasuna, berrikuntza eta proiekzio profesionala ardatz dituzten proposamenak ezagutzeko gune ere bihurtuko da", aurreratu dute.
Gainera, aurten, programazioak Basque Biodesign Centerren saio berezi bat izango duela jakinarazi dute; materialen ikerketa eta esperimentazioaren bidez sormen-aukera berriak esploratzeko "diseinua, biologia, teknologia eta jasangarritasuna" uztartzen dituen proiektua da.
Eguenari amaiera bikaina emateko asmoz, Muxikebarrik Getxo Moda 2026ko pasarela handia ere hartuko du. Getxoko denden proposamenek agertokia partekatuko dute Basque Styleko
diseinatzaileen bilduma bategaz eta Assaad Awad nazioarteko diseinatzaile gonbidatuagaz: "Pasarelak moda ulertzeko modu ezberdinak bilduko ditu, eta elkarrizketan jarriko ditu Getxoko merkataritza, euskal sorkuntza eta diseinuaren nazioarteko proiekzioa. Parte hartuko duten establezimenduek beren proposamenak erakutsiko dituzte berriro ere, Getxoko merkataritza-sarearen aniztasuna eta espezializazioa jendaurrean jartzen duen erakusleiho honetan".
Getxo Modaren oinarrian herriko merkataritza ere dagoela nabarmendu dute antolatzaileek. Saltokiek moda, osagarriak, bitxiak, optikak, lentzeria, edertasun-zentroak eta ile-apaindegiak biltzen dituen sare "anitza, espezializatua eta kalitatezkoa" erakusteko aukera izango dute; izan ere, desfilea erakusleiho garrantzitsua izango da euren proposamenak ezagutarazteko eta bezero berriengana hurbiltzeko.
Assaad Awaden parte-hartzea
Assaad Awad artista eta diseinatzaile hispano-libandarrak parte hartuko du pasarelan. Libanon hazi eta publizitatearen arloan hamar urteko lehen ibilbide profesionala egin ondoren, osagarrien diseinuan aurkitu zuen adierazpide berria. Ordutik, nazioarteko oihartzun handiko artistekaz, moda-etxeekaz eta erakundeekaz aritu da elkarlanean, besteak beste, Lady Gaga eta Madonna artistekaz, Mugler Paris, Hermès eta Balenciaga etxeekaz, eta Madrilgo Errege Antzokia zein Jantziaren Museoa lako erakundeekaz.
Antolatzaileek adierazi duten moduan, Awaden lanak "diseinuarekiko artisau-ikuspegia eta tresna teknologiko berrien esplorazioa" uztartzen ditu. Etapa berri honetan, larruaren lan tradizionala eta 3D inprimatzearen zein eskaner digitalaren aukerak lotu gura ditu, aurreko bildumak berreskuratuz eta pieza hibridoen bidez berrinterpretatuz. Antolatzaileen ustez, ofizioaren, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren konbinazio horrek modaren ikuspegi oso zehatz bat definitzen du: artisau-ezagutza bizirik mantentzea eta sormen-aukera berriak irekitzea helburu duena.
Bikaintasun Profesionalaren Saria
Azkenik, ekitaldian zehar, Abraham de Amezagari, modan eta luxuan espezializatutako kazetari, idazle eta irakasleari, Bikaintasun Profesionalaren Saria emango diote. Getxo Enpresak eta Getxo Moda ekimenaren erakunde antolatzaileek haren ibilbide profesionala eta kazetaritzari, modari eta luxuari eskainitako lana aitortu gura dituzte. De Amézaga VOGUE aldizkariko Mexiko eta Latinoamerikako edizioetako korrespontsala izan zen hamar urtez, eta, gaur egun, Parisko Alta Costura eta prêt-à-porter asteen berri emateaz arduratzen da EFE Agentziarentzat; Gentleman México eta T Magazine México aldizkarien Parisko korrespontsala ere bada.
Aitorpen horrek, gainera, lotura estua du Getxogaz; izan ere, Abraham de Amezaga udalerrian bizi izan zen jaiotzetik 14 urte bete zituen arte, eta Elías Amézaga idazlearen biloba da. Bikaintasun Profesionalaren Saria Getxo Moda 2026ko desfile nagusian banatuko dute, modaren inguruan ibilbide luzeko profesionalak eta belaunaldi berriak bilduko dituen jardunaldiari amaiera emateko.
Egitaraua
Urriak 28, eguaztena
- 15:00etatik 16:30era "La Moda del Futuro ya es Presente" mahai-ingurua, Getxoko
Elkartegiko Erabilera Anitzeko Gelan.
Urriak 29, eguena
- 13:00 Getxo Moda Lab.
- 20:00 Getxo Moda 2026 pasarela.