Etxebarrirako metroak apur bat lehenago irtengo dira urriaren 16tik aurrera

Izaro Garcia

Ordutegi berriak Metro Bilbaoren webgunean kontsulta daitezke. 

Bariku honetatik, urriaren 16tik, abenduaren 17ra bitartean, 1. lineako Etxebarrirako trenak ohikoa baino apur bat lehenago irtengo dira. Gobela, Neguri eta Aiboa artean egingo dituzten mantentze-lanak dira aldaketaren arrazoia. Dena den, trenak betiko maiztasunagaz ibiliko dira.

Metro Bilbaok trenbidea berritzeko lanak hasiko ditu barikuan, Gobela, Neguri eta Aiboa arteko tartean. Lanek irauten duten bitartean, Etxebarrirantz doazen trenek abiadura moteldu beharko dute inguru horretatik igarotzean. Horrek ordutegietan eraginik izan ez dezan, irteerak minutu batzuk aurreratzea erabaki dute.

Aldaketa abenduaren 17ra arte egongo da indarrean, baina trenak ez dira gutxiagotan pasatuko: ohiko maiztasunak mantenduko dituzte. Hori bai, Metro Bilbaok ordutegi berriak begiratzeko gomendatu die erabiltzaileei, batez ere goizeko lehen metroak hartzen dituztenei, trena galdu ez dezaten.

Zer egingo dute Gobela, Neguri eta Aiboa artean?

Guztira, 1.761 trabes aldatuko dituzte; hau da, errailen azpian dauden eta trenbideari eusten dioten piezak. Lan horien bidez, trenbidea egoera onean mantendu eta metroaren segurtasuna bermatu gura dute.

Izan ere, tarte horretan bihurgune estuak daude, eta trenbidea etxebizitzetatik oso gertu igarotzen da. Horregatik, mantentze-lanak bereziki garrantzitsuak direla azaldu du Metro Bilbaok.

Ordutegi berriak Metro Bilbaoren webgunean kontsulta daitezke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun