Andra Mariko idi-proben aurkako elkarretaratzea egingo dute zapatuan

Erredakzioa

Elkarretaratzea urriaren 17an izango da, 19:00etan, Andra Mariko kiroldegiaren aurrean. © SOKAMUTURRA EZ, ANIMALIEKIKO TRATU TXARRIK EZ ETA ALMA ANIMAL.

"Herri kirolak bai, idi probak ez" aldarrikapenagaz, Sokamuturra Ez, Animaliekiko Tratu Txarrik Ez eta Alma Animal elkarteek elkarretaratzea deitu dute urriaren 17rako, zapaturako, Getxon. Andra Mariko hainbat bizilagunen babesagaz, idi-probak bertan behera uztea eskatuko dute, animaliei sufrimendua eragiten dietela salatuta. Mobilizazioa 19:00etan izango da, Andra Mariko kiroldegiaren aurrean.

Idi-probak oraindik ere egiten dira Getxon, eta antolatzaileen ustez, herritar askok ez dute horren berririk. Hori dela eta, praktika hori ezagutarazi eta animalien erabilerari buruzko eztabaida zabaldu gura dute. "Tradizioak gure kulturaren parte dira, baina ez dira aldaezinak. Sufrimendua eragiten dutenean, aldatu egin behar dira", adierazi dute.

Elkarteek azaldu dutenez, proba horietan idi pareek 1.500 eta 4.500 kilo arteko harriak arrastatu behar dituzte behin eta berriz. Animaliek neke handia erakusten dutela salatu dute, akuiluaren erabilera ere zalantzan jarriz. Horrez gain, esfortzua lehiaketara mugatzen ez dela gogorarazi dute: aurretik egiten dituzten entrenamenduetan ere karga handiak arrastatu behar izaten dituzte. Horregatik, prestaketa horien gaineko kontrol handiagoa eskatu dute.

"Idiak ez dira kirolariak. Ez dute erabakitzen entrenatzea, ez dute lehiatzea aukeratzen eta ezin dute erabaki noiz gelditu", azpimarratu dute. Hala ere, argi utzi gura izan dute euren aldarrikapena ez dela euskal herri kirolen aurkakoa. Aizkora, harri-jasotzea, sokatira eta antzeko modalitateak babesten dituzte, eta tradizioari eustea eta animalien ongizatea errespetatzea bateragarriak direla defendatu dute.

Gardentasuna eskatu diote Getxoko Udalari

Animalien egoeraz gain, idi-proben antolaketaren inguruko argibideak ere eskatu dituzte. Elkarteek idazkiak aurkeztu dituzte aste honetan Eusko Jaurlaritzan, Bizkaiko Foru Aldundian eta Getxoko Udalean, besteak beste, probetan albaitari bat egongo dela eta animaliek mina, nekea edo lesioren bat izanez gero haiek erretiratzeko protokolo bat dagoela egiaztatzeko.

Bestalde, Getxoko Udalari idi-probak udal instalazio batean egiteari buruzko azalpenak eskatu dizkiote. Salatu dutenez, Alkatetzak adierazi die probak Udalaz kanpoko erakundeek antolatzen dituztela, baina Bizkaiko Herri Kirol Federazioak 2026rako Getxo Herri Kirolak izeneko hitzarmen bat dauka argitaratuta Getxo Kirolak udal-erakundeagaz. Hori dela eta, hitzarmenaren kopia eskatu dute, baita zenbateko ekonomikoa eta idi-proben antolaketa edo finantzaketa jasotzen ote duen argitzeko informazioa ere.

Ez da talde horiek Getxon animalien erabileraren aurka egiten duten lehen aldia. Martxoan, Sokamuturra Ez elkarteak 1.125 sinaduraren babesagaz aurkeztu zuen animaliarik gabeko jaiak eskatzeko herri-ekimena, baina Udalbatzarrak baztertu egin zuen.

Oraingoan, herritarrei kalera ateratzeko deia egin diete, idi-proben inguruko eztabaida berriro mahai gainean jartzeko. Elkarretaratzea urriaren 17an izango da, 19:00etan, Andra Mariko kiroldegiaren aurrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun