Arrazakeria, diskriminazioa, estereotipoak eta pribilegio zuria izango dituzte hizpide tailerretan, baina ez ohiko hitzaldi baten bidez. Antzerkia egoera horien inguruan hausnartzeko, besteen lekuan jartzeko eta, sormenaren bidez, pentsamendu kritikoa lantzeko baliatuko dute. Getxoko Udalak sustatutako ekimenaren helburua antirrazismoaren inguruko sentsibilizazio-lanari jarraipena ematea da.

Oraingoan ere Aitor Vinagret aktore eta sortzailea arduratuko da saioak gidatzeaz, Leticia Urretabizkaia hezitzaile eta Meloia Zuritzen taldeko kidearen laguntzagaz.
Urtea amaitu aurretik hiru hitzordu izango dituzte: urriaren 26an, azaroaren 23an eta abenduaren 21ean. Saio guztiak 18:00etatik 20:00etara egingo dituzte, Gobelaurre Boluntariotza Zentroan.
Egitasmoak datorren urtean ere jarraituko du. Lehen hiruhilekoko saioen datak aurrerago jakinaraziko dituzte, eta martxoaren 21ean, Arraza Diskriminazioaren aurkako Nazioarteko Egunean, antzerki-emanaldi batek emango dio amaiera prozesuari.
Parte hartu gura dutenek antirumores@getxo.eus helbidera idatzita edo 662 425 662 telefono-zenbakira deituta eman dezakete izena.