Getxoko Udalak Algortako Merkatuan GauEgun Gazteleku berria egiteko obrak esleitu ditu

Laura Fontalba Colomo

Udalak leku "malguago, irisgarriago eta erdigunekoago" bat sortu gura du. 

Getxoko Udalak azaldu duenez, Algortako Merkatuan GauEgun Gazteleku berria egokitzeko obrak Horlasa Construcción y Servicios enpresari esleitu dizkio, 671.180,67 euroan. Lanek sei hilabeteko iraupena izango dute, eta Kantxa Kirol Moda saltoki zaharraren lokalean 270 metro koadroko espazio berria sortuko dute, 11 eta 17 urte arteko 40 bat gazterentzako edukieragaz.

Udalaren arabera, proiektuaren helburua ez da gazteleku berri bat hutsetik sortzea, baizik eta gaur egun Urgull kaleko udal-eraikinaren hirugarren solairuan dagoen GauEgun Gaztelekua Algortako Merkatura lekualdatzea. Kokapen berria Kantxa Kirol Moda saltoki zaharrak hartzen zuen lokalean egongo da.

Lokal berriak 270 metro koadro erabilgarri izango ditu eta 40 bat erabiltzailerentzako edukiera aurreikusten da. Egungo GauEgun zerbitzua bezala, 11 eta 17 urte arteko gazteei zuzenduta egongo da; eta Udalaren planteamendua leku "malguago, irisgarriago eta erdigunekoago" bat sortzea da.

Aurreikusi duten moduan, barruan hainbat gune egongo dira: elkartzeko eta irakurtzeko gunea, ordenagailuak, bideo-jokoak, mahai-futbola, ping-ponga, sukalde-office txiki bat, tailerrak egiteko espazioak eta ongizate emozionalerako edo "babesleku emozionalerako" gune espezifikoa. Gainera, Udalak komun inklusiboak eta hezitzaile-taldearentzako bulegoak ere egongo direla aurreratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun