Getxoko hilerriak ordutegia luzatuko du Santu Guztien Eguna dela eta

Izaro Garcia

Beharrezkoa izanez gero, noranzko bakarreko zirkulazioa ezarriko da Bostgarrena kalean.

Azaroaren 1ean Santu Guztien Eguna ospatuko da, eta, urtero legez, herritar ugari hurbilduko dira hilerrira hildako senide eta lagunak oroitzera. Bisitak errazteko, Getxoko Udalak udal-hilerriko ordutegia luzatuko du urriaren 26tik azaroaren 1era bitartean. Udaltzaingoak sarbideak eta inguruko zirkulazioa ere kontrolatuko ditu.

Urriaren 26tik 30era, astelehenetik barikura, hilerria 07:15etik 20:00etara egongo da zabalik, etenik gabe. Aste-akabuan, berriz, urriaren 31n eta azaroaren 1ean, 08:00etatik 20:00etara egin ahal izango dira bisitak. Azaroaren 2an, astelehenean, ohiko ordutegira itzuliko da hilerria, 09:00etatik 18:00etara.

Egun horietan bisitari gehiago espero direnez, Udaltzaingoak aparkatzeko guneak egokituko ditu, eta hilerriaren kanpoaldeko trafikoa antolatzeaz arduratuko da. Gainera, beharrezkoa izanez gero, noranzko bakarreko zirkulazioa ezarriko dute Bostgarrena kalean, ibilgailuen joan-etorria errazteko.

Hala, Udalak bisitariek hilerrira ahalik eta erosoen sartzeko aukera izatea gura du, bereziki Santu Guztien Egunaren inguruko egun jendetsuenetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun