Hasiera batean, zentroa 2026aren hasieran martxan jartzea aurreikusten zuten. Gerora, Bizkaiko Foru Aldundiak urteko azken hiruhilekora atzeratu zuen irekiera, baina epe hori ere ez da beteko. Hortaz, eraikina erabiltzeko prest egon arte, beste hilabete batzuk itxaron beharko dira.
Oraindik egiteko dauden lanen artean, beheko solairuko udal-lokala egokitzea dago. Bertan erabilera soziokulturaleko espazio bat prestatuko dute, eta Aldundiaren Azpiegiturak sozietateak dagoeneko lizitatu ditu lanak. Kontratuak 323.885 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta eskaintzak aurkezteko epea irailean amaitu zen. Horrez gain, adinekoen egoitzaren kudeaketa kontratatzea ere falta da.
Adinekoak eta gazteak, teilatu beraren azpian
Zentroak bi belaunaldi elkartuko ditu eraikin berean: adinekoentzako 100 egoitza-plaza eta gazteentzako udal-titulartasuneko 40 zuzkidura-apartamentu izango ditu. Asmoa ez da espazioa partekatzea bakarrik, adin desberdinetako pertsonen arteko harremanak sustatzea eta elkarbizitzarako aukera berriak sortzea ere bada.
Gainera, proiektuak auzora ere zabaldu gura du. Horretarako, beheko solairuan egokituko duten espazio soziokulturala auzotarrentzako topagune izatea aurreikusten dute, bertan antolatzen diren jardueretan parte hartzeko aukera izan dezaten.
Hala, eraikinak adinekoen egoitza eta gazteentzako apartamentuak ez ezik, Itzubaltzeta/Romoko auzo-bizitza indartzeko gune bat ere hartuko du. Dena den, egitasmoa martxan ikusteko 2027ra arte itxaron beharko da.