Getxok udako denboraldia bisitarien gorakadagaz itxi du

Laura Fontalba Colomo

Uda honetan, Erresuma Batuko turismoak hazkunderik handienetako bat izan du. © GETXOKO TURISMO BULEGOA

Turismo Informazio eta Harrera Zerbitzuaren arabera, uda honeta, Getxok 18.041 turista eta bisitari artatu ditu, iaz baino %6 gutxiago. Hala ere, atzerriko bisitarien kopurua %34 hazi da, eta Erresuma Batutik etorritakoak izan dira nagusi, 6.000 pertsona baino gehiagogaz.

Getxoko Udalak jakinarazi duenez, turismo-zerbitzura jo duten pertsonen %89,94 Bizkaitik kanpokoak izan dira. Horien artean, nazioarteko turismoak igoera nabarmen egin du, 11.417 bisitarigaz, iaz baino %34 gehiago. Aldiz, Estatutik etorritako bisitarien kopuruak %45 behera egin du, eta guztizkoaren %26 izan dira. Erresuma Batuko turismoak hazkunderik handienetako bat izan du, %200etik gorako igoeragaz, batez ere itsas bidaien turismoaren gorakadaren ondorioz. Horren atzetik, Madrilgo Erkidegoa kokatu da, 1.005 bisitarigaz, eta ondoren Alemania, Frantzia eta Italia.

Udalaren arabera, ostatuei dagokienez, udan, Getxoko batez besteko okupazioa %83,6koa izan da, eta  daturik altuena abuztuan erregistratu zuten: %88,69ko okupazioagaz. Hotelek %84,07ko okupazioa izan dute, iaz baino hiru puntu gutxiago; ostatuek, berriz, %82,7koa, aurreko urtean baino 14 puntu handiagoa; eta apartamentu turistikoek %83,5eko okupazioa izan du.

Bestalde, Getxoko baliabide turistikoek ere bisitari ugari jaso dituztela azpimarratu du Udalak. Bizkaia Zubiak 43.393 turista eta bisitari hartu ditu oinezkoen pasabidean; eta horien %61 nazioartekoak izan dira, euren artean alemaniarrak nabarmendu dira. Era berean, El Abra-Getxo Kirol Portuan iragaitzazko belaontzien bisitak %11 hazi dira, eta guztira 279 itsasontzi eta 744 tripulatzaile iritsi dira.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun