Ereaga mundu mailako hondartza-garbiketa batera batuko da zapatuan

Estatuko 15 hondartzek eta Txileko, Mexikoko zein Dominikar Errepublikako beste lauk egingo dute bat deialdiagaz.

Ola sin plástico elkarteak hondakin-bilketa antolatu du urriaren 24rako, 10:00etatik aurrera. Ekimen berean Estatuko hamabost bat hondartzak eta Txile, Mexiko zein Dominikar Errepublikako beste lauk parte hartuko dute.

Ereagako hondartza garbitzeko hitzordua jarri dute zapatu honetarako, urriaren 24rako. Oraingoan, gainera, Getxoko ekintza ez da bakarka egingo: munduko hainbat hondartzatan aldi berean antolatutako hondakin-bilketa baten parte izango da. Bizkaian, "Ola sin plástico" elkartea arduratuko da ekimena bideratzeaz, Arena Limpia proiektuak koordinatuta.

Boluntarioak 10:00etan elkartuko dira Igeretxe hotelaren aurrean, eta 11:30era arte ibiliko dira hondartzan aurkitutako hondakinak batzen. Ondoren, jasotako guztia sailkatu eta pisatuko dute, 12:30ak arte. Parte hartu gura dutenek aurretik izena eman beharko dute, antolatzaileek jardunaldia behar bezala prestatu ahal izateko.

Elkarteak beste proposamen bat ere egin die bertaratuko direnei: etxean idazten ez duten boligrafo edo errotuladorerik badute, garbiketara eramateko eskatu diete, haiek modu jasangarrian baztertzeaz arduratuko baitira.

Hondartzak garbitzetik harago

Mundu mailako aldibereko garbiketen bigarren edizioa izango da aurtengoa. Arena Limpia proiektuaren bultzatzailearen arabera, kutsaduraren inguruko kezkak eraginda sortu zen ekimena, arazoa ikusi arren hura konpontzeko pausoa ematen ez duten pertsonak mugiarazteko asmoz. Aurten, Estatuko hamabost bat hondartzek eta Txileko, Mexikoko zein Dominikar Errepublikako beste lauk egingo dute bat deialdiagaz.

Helburu horregaz bat egin du Ola sin plástico elkarteak ere. Taldea 2019an sortu zen, surfa egitera joaten ziren bakoitzean hondartzetan plastikoak aurkitu eta batzen zituzten hainbat lagunen ekimenez. Eguneroko keinu hura abiapuntu hartuta, indarrak batzea erabaki zuten, kostaldeko kutsaduraz kontzientziatzeko eta hondartzak garbi mantentzeko lanean herritar gehiago inplikatzeko.

Ordutik, hondakin-bilketak ez ezik, sentsibilizazio-hitzaldiak eta bestelako hezkuntza-ekimenak ere antolatzen ditu elkarteak. Haurrentzako ipuin bat sortu du, eta Residuo Cero aliantzako kidea ere bada.

Parte hartzeko izen-ematea: https://forms.gle/EyfCsb5x18p7Ny3j6

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun