Udalaren arabera, aurreko bi urteetan zerbitzua ematen zuen enpresa espezializatuak ez jarraitzea erabaki zuen. Horren aurrean, lau urterako lizitazio-prozedura abiaraztea erabaki zuen, zerbitzua 2027an berreskuratzeko helburuagaz.
Ekainaren 24an, Bizkaiko Talde Popularreko Raquel Gonzalezek aldagela inklusiboagaz zer gertatu zen galdetu zuen, eta, orain, auzia Bizkaiko Batzar Nagusietara heldu da. Galdera urriaren 19ko Gizarte Ekintzako Batzordean landu zuten. Bertan, Amaia Antxustegi, Gizarte Ekintzako foru diputatuak, Aldundiak ez dakiela zergatik utzi zion enpresa espezializatuak zerbitzua emateari adierazi zuen. Aldi berean, Aldundiak ez duela Getxoko Udalaren eskumenetan esku hartu behar defendatu zuen, eta Foru Aldundiak erantzukizun "subsidiarioa" bere gain hartu behar izatea baztertu egin zuen.
Auziak, gainera, badu aurrekaririk Batzar Nagusietan. 2024ko ekainean, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez eskatu zioten Foru Aldundiari lurraldean aldagela inklusiboak jartzeko aukerak aztertzeko. Besteak beste, balizko erabiltzaileen beharrak aztertzea, instalazio horiek kokatzeko leku estrategikoak identifikatzea eta horiek ezartzeko plangintza egitea eskatu zuten.
Horren harira, 2026ko irailean, Elkarrekin Bizkaiako Eneritz de Madariagak Aldundiari bi urte lehenago hartutako akordioaren betetze-mailari buruz galdetu zion. Hortaz, Ereagako zerbitzuaren etenak aldagela inklusiboen eskaintzaren inguruko eztabaida berriro mahai gainean jarri du, baita zerbitzu horiek bermatzeko erakunde bakoitzak izan beharko lukeen arduraren ingurukoa ere.