EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemosek Getxoko turismo-zerga arautzeko proposamena adostu dute

Laura Fontalba Colomo

2027ko urtarrilaren 1a baino lehen ezarri gura dute.

Urriaren 26an, Egonaldi Turistikoen gaineko Zerga arautuko duen ordenantza-proposamena aurkeztuko dute batzordean. Proposamenak gutxieneko kuotak ezartzen ditu hoteletarako, kategoriaren arabera, eta gehienekoak apartamentu turistikoetarako, erabilera turistikoko etxebizitzetarako eta gurutzaontzietarako.

Udal taldeek adierazi dutenez, proposamena urriaren 29ko osoko bilkuran behin-behinean onartzea aurreikusita dago. Hoteletarako foru-arauan aurreikusitako gutxieneko kuotak ezartzea proposatzen dute, establezimenduaren izar-kopuruaren araberako progresibotasuna mantenduz.

Proposamenak apartamentu turistikoetarako, erabilera turistikoko etxebizitza eta logeletarako eta gurutzaontzietarako, berriz, gehieneko kuotak ezartzen ditu. Gainera, aurreratu dutenez, zenbateko horiei % 10eko errekargua gehituko litzaieke; izan ere, foru-arauak aukera hori aurreikusten du 750 ostatu-plaza baino gehiago dituzten udalerrientzat, Getxoren kasuan bezala.

Udal taldeek adierazi dutenez, akordioak ekarpen "handiagoa" ezarriko die udalerrian "presio handiena" eragiten duten turismo-modalitateei. Horri esker, urtean, bi milioi euro inguru biltzea aurreikusten dute. Bereizketa hori  modalitate bakoitzak udalerrian duen eragin desberdinean oinarrituta justifikatu dute. 

EAJren arabera, zergaren aplikazio "orekatua" bilatu dute, turismo-jarduerak getxoztarren ongizateari ekarpena egin diezaion eta udalerriaren garapenagaz bat egin dezan. PSE-EEk, bere aldetik, akordioak "aberastasuna" eta "kalitatezko enplegua" sortuko dituela adierazi du, baita tokiko ekonomia indartuko duela eta auzokideen ongizateari ekarpena egingo diola ere. Azkenik, Elkarrekin Podemosek pisu turistikoak Getxoko etxebizitza-merkatuan duten eragin "negatiboa" azpimarratu du: "Etxebizitza horiek ez baitira aurrerantzean bizitegi-erabilerarako salmentara edo alokairura bideratuko".

Ordenantza izapidetzearen helburua 2027ko urtarrilaren 1a baino lehen Getxok zerga-tasak arautzeko udal-araudia izatea da.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun