Liburuak ez dira beti apaletan egoten. Datozen bi asteetan, behintzat, Algortako erakusleihoetan ere aurkitu ahal izango dira. Algortako Dendak merkatari-elkarteak auzoan barrena egiteko ibilbide literarioa prestatu du, eta 32 saltokiren erakusleihoak Getxoko idazleen lanen pasarteak ezagutzeko gune bihurtuko ditu. Urriaren 23an hasiko da ekimena, eta azaroaren 6ra arte iraungo du, Getxoko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Sailaren dirulaguntzagaz.
Ibilbidea osatzeko, establezimendu bakoitzaren jardueragaz zerikusia duten testuak aukeratu dituzte, baita Getxoko paisaia eta txokoei erreferentzia egiten dietenak ere. Hala, dendaz denda ibiltzen diren herritarrek bertako idazleen lanak ezagutzeko aukera izango dute, auzoko merkataritza-eskaintza deskubritzen duten bitartean.
Testuei irudia ere jarri diete. Idoia Batiz artista getxoztarrak eta Arteskola akademiako lau gaztek pasarteak lagunduko dituzten ilustrazioak sortu dituzte. Horiek ibilbide osoari itxura bateratua emango diote, eta parte hartzen duten saltokiak identifikatzen lagunduko dute.
Auzoko dendak bizirik mantentzeko ekimenak
Ibilbide literarioa ez da Algortako Dendak elkarteak esku artean duen egitasmo bakarra. Irabazi-asmorik gabeko elkarteak 93 establezimendu biltzen ditu gaur egun, eta askotariko negozioak daude horien artean: arropa- eta oinetako-dendak, loradendak, etxetresna elektrikoen saltokiak, bitxi-dendak edota burdindegiak.
Datozen hilabeteetan ere hainbat kanpaina jarriko dituzte martxan, Getxoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesagaz. Asmoa auzoko merkataritzari bultzada ematea eta herritarren eta bertako saltokien arteko harremana sendotzea da.
Azaroan, esaterako, Romo Bizirik elkarteagaz elkarlanean antolatuko dute hurrengo ekimena. Bi auzoetako 70 establezimendu baino gehiagok parte hartuko dute lehiaketa batean, eta bezeroek erosketa edo kontsumizio bakoitzeko zozketa baterako txartela jasoko dute. Sariak erosketa-bonuak izango dira, baina auzoen arteko lotura sustatzeko berezitasun bat izango dute: Algortako saltokietan lortutako sariak Romoko establezimenduetan erabili beharko dira, eta alderantziz. Kanpainaren irudia osatzeko, bi auzoetako kirol eta kultura jarduerei estu lotutako bi gazte aukeratu dituzte.
Gabonetan ere, merkataritza kalera
Gabonei begira, elkarte Algortako Dendak Zugandik Gertu katalogo digitala prestatzen dabil. Bertan, auzoko 63 saltokiren produktu eta zerbitzuak bilduko dituzte, herritarrek eskaintza guztia QR kode baten bidez ezagutu ahal izateko. Kode hori 15.000 poltsa pertsonalizatu baino gehiagotan ere agertuko da; dendetan banatuko dituzte, bezeroei erosketakaz batera emateko.
Gabonetako egitarauak musikagaz ere izango du zerikusia. Hator Hator Algortara kanpainaren bidez, auzoko merkataritza-guneetako hainbat negoziotara eramango dituzte musika-emanaldiak, erosketak egiteko garaian kaleak girotzeko.
Eta egitasmoak ez dira Gabonakaz amaituko. Datorren urteko otsailean, Algortako dantza-eskoletako gazteek hartuko dute lekukoa: bi zapatutan 28 establezimendutatik igaroko dira, eta koreografiak zein talde-emanaldiak eskainiko dituzte jende gehien ibiltzen den guneetan.
Literatura, musika eta dantza baliatuko ditu, beraz, Algortako Dendak elkarteak auzoko merkataritzari beste bultzada bat emateko. Izan ere, ekimen horien atzean asmo bera dago; hau da, kaleak bizirik mantentzea, bertako negozioak ezagutaraztea eta herritarrei gogoraraztea etxe ondoko dendetan ere badagoela zer aurkitu.