EH Bilduk Getxon turismo-tasa batzuk gehieneko mailara igotzea proposatu du

EH Bilduk Getxok turismo-eredu bidezkoago baterantz aurrera egin behar duela defendatu du.

Gurutzontziei, luxuzko hotelei eta turismo-apartamentuei gehieneko tasa ezartzea eskatu du koalizioak, bisitarien ekarpen ekonomikoa ostatu motaren eta egonaldiaren kostuaren araberakoa izan dadin. "Gehiago duenak, gehiago ordain dezala" da proposamenaren oinarria.

Getxon turismo-tasa ezartzeko hainbat aldaketa proposatu ditu EH Bilduk, udalerrian turismo-eredu bidezkoagoa eta jasangarriagoa sustatzeko helburuagaz. Koalizioaren ustez, bisitariek euren egonaldiak sortzen duen eraginaren araberako ekarpena egin beharko lukete, eta, horretarako, gurutzontziei, luxuzko hotelei eta turismo-apartamentuei gehieneko tasa aplikatzea eskatu du.

Alderdiak proposamenaren oinarrian progresibitatea eta ekitatea daudela azaldu du. Izan ere, taldearen iritziz, ez litzateke bidezkoa izango ostatu merke batean geratzen den bisitariak eta luxuzko hotel batean ostatu hartzen duenak zerga bera ordaintzea. "Gehiago duenak, gehiago ordain dezala" da koalizioak defendatzen duen irizpide nagusia.

Neurriaren eragina azaltzeko, adibide bat ere jarri du alderdiak: bost izarreko hotel batean egonaldiagatik 1.500 euro ordaintzen dituen pertsona batek beste 58 euro ordainduko lituzke EH Bilduk proposatutako zenbatekoen arabera. Guztira, beraz, 1.558 euroko gastua izango luke. Koalizioaren ustez, "kopuru hori igoera neurritsua da maila horretako ostatu bat ordaintzeko aukera duen pertsonarentzat".

Turismoaren onurak herritarren artean banatzeko

EH Bilduren arabera, turismo-tasa ez litzateke diru-bilketa hutsera mugatu behar. Bisitariek turismo-jardueragaz lotutako gastuetan eta zerbitzu publikoen finantzaketan laguntzeko tresna ere izan beharko luke, udalerriaren eta bertako bizilagunen ongizatea bermatzeko.

Ildo horretan, Getxok turismo-eredu bidezkoago baterantz aurrera egin behar duela defendatu du koalizioak, eta turismoak sortzen dituen onura ekonomikoak herritar guztiengana iristearen garrantzia azpimarratu du: "EH Bildu Getxon turismoak herritar guztientzako onurak sortu behar dituela defendatzen dugu, eta haren ekarpen ekonomikoa modu bidezkoan banatu behar dela".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun