
Indabada Eguna "aldarrikatzeko" eta "borrokatzeko" eguna da; beraz, aldarrikapen- eta jai-egun honen bidez, espazio publikoak eta kaleak berreskuratzeko deia egin dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, jendeak ideia horregaz bat egin ohi du; izan ere, egun horretan, plaza "utopia" txiki bat bihurtzen da: "Plaza euskalduna, feminista, parte-hartzailea… Herriko plaza gura dugun herriaren isla bihurtzen da egun batez".
Egitaraua ohikoa izango da: txupinazoa, patxaranga herrian zehar, dantza, musika, platera aurkezpena… eta giro ezin hobea. "Aurten, bereziki, euskara erdigunean jarri dugu, eta horri eman diogu garrantzia. Baina, horretaz gain, kristoren giroa egongo dela uste dugu, jende asko etorriko dela eta oso ondo pasatuko dugula", aurreratu dute. Hain zuzen ere, herri-bazkarirako txartelak salgai jarri zituztenean, 15 minututan agortu zirela diote: "Jende asko dago izena emanda; beraz, oso pozik gaude horregaz".
Hala ere, antolatzaileek gutxi direla gogoarazi dute; beraz, berrikuntza handirik sartzea ez da erraza. Hurrengo urtera begira, asanbladetan parte hartzeko deia egin dute: "Jende gehiago behar dugu gauza berriak egin ahal izateko".
Indabada, mende laurden herria astintzen
Aurten, Indabada, mende laurden herria astintzen izendatutako dokumentala aurkeztu dute. Bi urteko lanaren ostean, herri-ekimen honen lehen 25 edizioetako elkarrizketak, irudiak eta emozioak biltzen ditu lanak, eta herrigintzaren guraz belaunaldien arteko transmisioaren balioa aldarrikatzen du.
"Indabadak urte asko daramatza, eta gaur egun bertara joaten den jende asko orduan ez zen jaio ere egin. Horregatik, garrantzitsua iruditu zitzaigun erakustea nondik datorren Indabada, zergatik egiten den, zer aldaketa izan diren eta zer gertakizun egon diren urte hauetan guztietan", azaldu dute antolatzaileek.
Urteakaz, mezua pixka bat aldatu dela azaldu dute; hala ere, dokumentalaren bidez, ekimena eta haren izaera iraultzailea ezagutarazi gura dute.
Egitaraua:
Urriak 24, zapatua
- 09:00 Txapelketaren hasiera.
- 10:30 Martintxo herrikoia eta plazaren apainketa.
- 12:00 Txupinazoa.
- 13:30 Txotxa eta Dantza Plaza.
- 14:15 Argazki solidarioa.
- 14:30 - 15:30 Txapelketaren plater aurkezpena.
- 14:30 Mahaiak jartzea.
- 15:00 Bazkaria.
- 16:30 Ekitaldia / Txapelketaren sari banaketa.
- 17:00 Ainhoa eta Kermen kontzertua.
- 18:00 Bingoa.
- Arrasti girotua.