Alango 21.1 eremuko 1.A eta 1.B partzeletan dauden 145 etxebizitzak udalaren lurzoruan eraiki ziren. Getxoko Udalak sustapena alokairuko 145 BOE gisa jasotzen du gaur egun ere bere etxebizitza-sustapenen artean.
Etxebizitzak 2016an esleitu zituzten, 2.089 eskaeraren artean egindako zozketa baten bidez. Hasierako baldintzen arabera, etxebizitzak gehienez 15 urtez alokairuan mantentzea aurreikusi zen. Epe hori amaitutakoan, adjudikaziodunei azalera-eskubidea erosteko aukera ematea zen planteamendua. Horrenbestez, lehen kontratuak 2016an formalizatu baziren, 15 urteko muga 2031 inguruan helduko litzateke.
Hala ere, sustapenaren 2015eko dokumentazioaren arabera, 15 urteko alokairu-epea amaitutakoan adjudikaziodunek azalera-eskubidea erosteko aukera izango lukete, baina etxebizitzek babespeko izaera 75 urteko epea osatu arte mantenduko lukete.
EH Bilduren eskaera Eusko Jaurlaritzak Donostiako Benta Berrin iragarritako operazioaren ostean heldu da. Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Testa Residencialegaz han dauden babes publikoko 510 etxebizitzen azalera-eskubidea 100 milioi euroren truke erosteko aurreakordioa lortu du. Lurzorua Eusko Jaurlaritzarena da, eta etxebizitzen egungo babes-erregimena 2028ko azaroan amaitzekoa zen. Operazioagaz, Jaurlaritzak etxebizitzen babes publikoko kalifikazioa behin betiko mantentzea eta egungo maizterrek alokairuan jarraitzea bermatu gura du.