Batzuetan, mahai baten inguruan esertzea nahikoa izaten da ordura arte ezezagunak ziren bi familia elkarrengana hurbiltzeko. Horixe proposatzen du aurten ere Bizilagunak egitasmoak: Getxon bizi diren jatorri eta kultura desberdinetako familiak elkartu, eta bazkari bat partekatzea, elkarren berri izateko eta egunerokoan nekez sortzen diren harremanei bidea zabaltzeko.
Azaroaren 8an egingo dute aurtengo hitzordua, Etxean edo txokoan, sareak elikatzen lelopean. Egun horretan, Getxoko hainbat etxe, txoko eta egongelatako ateak zabalduko dituzte, familia anfitrioiek beste familia bat gonbidatu dezaten. Otorduan, jakiak eta zaporeak ez ezik, bakoitzaren bizipenak, interesak, ohiturak eta errealitateak ere partekatuko dituzte.

Ekimenaren helburua herri berean bizi diren baina elkar ezagutzeko aukerarik izan ez duten pertsonen arteko harremanak sustatzea da. Izan ere, auzo bereko kaleetan gurutzatu arren, askotan ez dakigu ondokoaren istorioa zein den, nondik datorren edo zer dugun komunean. Bizilagunak egitasmoak distantzia hori laburtu gura du, aurreiritziak eta estereotipoak gainditzeko eta kulturarteko bizikidetza indartzeko.
Bazkari bakoitzean bi familia edo talde elkartuko dira, bata anfitrioi eta bestea gonbidatu gisa. Horrez gain, dinamizatzaile bat ere izango dute lagun, bai otorduaren aurretik, bai bazkarian bertan, topaketa prestatzen eta elkarrizketa errazten laguntzeko.
Edozein familiak har dezake parte
Bizilagunak egitasmoa Getxon bizi diren guztiei dago zabalik, bertakoak izan zein beste herrialde batzuetatik etorritakoak. Gainera, antolatzaileek familia kontzeptua zentzurik zabalenean ulertzen dute: bikoteek, lagun-taldeek, kuadrillek edo bestelako elkarbizitza-taldeek ere parte har dezakete.
Parte hartzeko hiru aukera daude. Gura duenak bere etxeko edo txokoko ateak zabaldu eta familia anfitrioiaren rola har dezake; beste familia baten etxera gonbidatu gisa joateko aukera ere badago; eta, azkenik, bazkarietan dinamizatzaile aritu gura dutenek ere eman dezakete izena. Azken horiek prestakuntza-saio bat jasoko dute, prozesu osoan zehar eta topaketaren egunean bete beharreko eginkizunak ezagutzeko.
Antolatzaileen asmoa ez da egun bateko bazkaria antolatzea bakarrik, Getxon bizi diren pertsonen artean harreman berriak sortzea baizik. Beste kultura, hizkuntza eta ohitura batzuk gertutik ezagutzeko aukera eskaini gura dute, elkarrizketaren eta elkarbizitzaren bidez herri aberatsago eta anitzago bat eraikitzen jarraitzeko.
Izen-ematea zabalik
Azaroaren 8ko bazkarietan parte hartu edo dinamizatzaile izan gura dutenek labur.eus/bazkariak helbidean dagoen formularioa bete beharko dute, zein modalitatetan parte hartu gura duten adierazita.
Zalantzak argitzeko edo informazio gehiago jasotzeko, antolatzaileek getxobizilagunak@gmail.com helbide elektronikoa eta 622 433 085 telefono-zenbakia jarri dituzte herritarren eskura.
Azken batean, Bizilagunak egitasmoak proposamen xume bezain aberasgarria egiten du: etxeko atea zabaldu, mahaiaren bueltan eseri eta auzokidea ezagutzeko tartea hartzea. Izan ere, askotan, harreman berriak sortzeko lehen pausoa bazkari bat partekatzea besterik ez da.