Getxoko 'Thinking Fadura' parte-hartze prozesua amaitu da

Laura Fontalba Colomo

Erabilera anitzeko kirol-instalazioei emango diete lehentasuna.

Getxoko Udalak Fadurako frontoien eraikinaren etorkizuneko birmoldaketarako beharrak zehazteko parte-hartze prozesua amaitu du. Prozesua aurrera eramateko, TikiToki Zentroan egindako bi saiotan, kirol-klubetako eta Getxo Kirolakeko 40 ordezkari inguru aritu dira lanean. Gainera, aurrez aurreko topaketetan egindako ekarpenez gain, 70 proposamen baino gehiago ere jaso dituzte. 

Azaldu dutenez, erabilera anitzeko kirol-instalazioei emango diete lehentasuna, hainbat kirol-modalitate praktikatzeko aukera ematen dutenei, hain zuzen ere. Era berean, eraikinak aldagelak, atsedenerako eta itxaroteko guneak, bilera-gelak eta gimnasio bat izan beharko ditu, erabilera partekatuko printzipio horri berari jarraituz.

Ekipamendu zehatzei dagokienez, getxotarren eskariari erantzuteko, skatepark bat eta eskaladarako boulder instalazio bat jarriko dituzte, herritarrek jarduera horiek egiteko beste herri batzuetara joan behar izan ez dezaten.

Gainera, adostuaren arabera, proiektuak hiru pilotaleku izan beharko lituzke, euskal pilotaren modalitate desberdinak praktikatzeko aukera emango luketenak eta beste kirol batzuek ere erabili ahal izango lituzketenak. Gainerako espazioak ere erabilera anitzekoak izatea proposatu dute, besteak beste, arku-tiroa, mahai-tenisa, badmintona, patin-hockeya, boxeoa, gimnasia erritmikoa edo zirkuko jarduerak egiteko aukera eman dezaten.

Bestalde, bi lan-saioetan, argiztapenari, baldintza akustikoei, erabiltzaileentzako aparkalekuen optimizazioari, mugikortasun jasangarriaren aldeko neurrien ezarpenari eta eraikinerako sarbideen hobekuntzari eta modernizazioari buruzko beharrak ere aztertu dituztela adierazi dute.

Orain, parte-hartze fasea amaituta, Getxo Kirolakek ikuspegi teknikotik, antolakuntzaren aldetik eta aurrekontuari dagokionez balioztatu beharko ditu kirol-espazioei eta horien erabilerei lotutako proposamenak, etorkizuneko aurreproiektua lantzen hasi aurretik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun