Algortako Portu Zaharreko itsas hondotik 60 kilo hondakin inguru atera dituzte

Bildutako hondakin guztiak pisatu, sailkatu eta erregistratzen dira. © RED DE VIGILANTES MARINOS

Marefondum eta Divertek taldeek parte hartu dute Itsas Hondoen eta Hondartzen XII. Nazioarteko Garbiketa Handian, eta latak, plastikozko edalontziak zein aluminiozko piezak jaso dituzte Getxon. Euskal kostaldean ia 690 kilo hondakin kendu dituzte guztira, eta nazioarteko kanpainaren balantzeak 8,3 tona gainditu ditu, eguraldi txarrak lanak zaildu dituen arren.

Algortako Portu Zaharreko itsas hondoa apur bat garbiago dago. Marefondum eta Divertek taldeetako urpekariek 60 kilo hondakin inguru atera dituzte bertako uretatik, Itsas Hondoen eta Hondartzen XII. Nazioarteko Garbiketa Handiaren barruan. Jasotakoen artean, lata ugari, plastikozko edalontziak eta aluminiozko piezak aurkitu dituzte. Getxoko Udalaren laguntzagaz egindako jarduera Red de Vigilantes Marinos sareak antolatutako garbiketa-kanpainaren parte izan da.

Getxokoa ez da izan Euskal Herriko kostaldean egindako esku-hartze bakarra. Guztira, ia 690 kilo hondakin atera dituzte itsasotik euskal kostaldeko hainbat puntutan. Lekeition, esaterako, Lekeitioko Urpeko Taldeak 200 kilo inguru jaso ditu portuan eta inguruko uretan, tartean autoetako bi bateria eta ehunka beirazko botila. Bermeon, berriz, Izaro Sub taldeak ia 60 kilo berreskuratu ditu, euria eta olatu handiak tarteko baldintza zailetan. Besteak beste, sofa-ohe bateko koltxoiak, itsasontzietako babesgarriak, auto-bateria bat, su-itzalgailu bat eta VHF antena bat aurkitu dituzte.

Zierbenan, Itxas-Dive taldeak 170 kilo inguru bildu ditu, tartean hiru pneumatiko, bi arrantza-otarre, botilak eta latak. Aurkikuntza bitxienen artean, portuko abiadura hiru korapilotara mugatzen zuen seinale bat ere atera dute uretatik. Donostian, azkenik, Buceo Donosti taldeko 38 urpekarik 200 kilo baino gehiago jaso dituzte, bi txandatan antolatuta. 

Eguraldi txarrari aurre eginda

Aurtengo kanpaina ez da erraza izan parte-hartzaileentzat. Ekaitzek, euri-jasa handiek, olatuek eta ur azpiko ikusgarritasun eskasak hainbat jarduera atzeratzera, lekuz aldatzera edo moldatzera behartu dituzte antolatzaileak. Hala ere, segurtasun-baldintzek ahalbidetu duten lekuetan urperatzen jarraitu dute boluntarioek.

Zailtasunak zailtasun, 8.375 kilo hondakin baino gehiago kendu dituzte itsaso, hondartza, ibai, aintzira eta urtegietatik. Ekainean egindako garbiketa-kanpainako emaitzak ere kontuan hartuta, Red de Vigilantes Marinos sareak 12 tona hondakin baino gehiago bildu ditu 2026an. 

Hondakinak jasotzeaz harago

Garbiketa-lanen helburua ez da uretatik zaborra ateratzea bakarrik. Bildutako hondakin guztiak pisatu, sailkatu eta erregistratu dituzte, itsas kutsaduraren inguruko informazioa lortzeko. Horrela, boluntarioen lana herritarren zientziaren parte ere bihurtzen da, jasotako datuek kutsaduraren jatorria eta ezaugarriak hobeto ezagutzen laguntzen baitute.

Urpekariek erabilitako sareek ere badute berezitasun bat: emakume saregileek eskuz egin dituzte, itsasotik berreskuratutako arrantza-tresnak berrerabilita. Garai batean arrantzarako erabiltzen ziren sareek, beraz, hondakinak jasotzeko balio dute orain.

Kanpainak elkartasunagaz ere badu lotura. Nueva Pescanova enpresaren eta Espainiako Elikagai Bankuen Federazioaren (FESBAL) arteko lankidetzari esker, bildutako hondakin-kopurua elikagai-laguntza bihurtuko da, egoera zaurgarrian dauden familiei laguntzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun