Getxok tximeletak ezagutzeko jarduera berria antolatuko du urriaren 31n

Laura Fontalba Colomo

Izena ematea boluenatura@gmail.com helbidearen bitartez egin daiteke.

Zapatuan, urriaren 31n, Udal Ingurumen Unitateak antolatutako Tximeletak ezagutuz izeneko jarduera egingo dute Getxon. Ekitaldia GetxoNatura, ezagutu eta zaindu jardunaldi tekniko-dibulgatiboen barruan egingo da. 

Udalak aurreratu duenez, bi tailer desberdin egingo dituzte, Fernando Jubete entomologo eta
naturalista adituaren eta Xabi Buenetxea BOLUE Ingurumen Ikerketak-eko kidearen eskutik.

Lehenengoa, Itzubaltzeta/Romo Kultur Etxean egingo dute, 10:00etatik 13:30era. Helburua bilduma entomologikoen –intsektuen eta beste artropodo batzuen bildumen– garrantzia, horiek prestatzeko prozesua eta erabiltzeko irizpide etikoak azaltzea izango da. Bertan, parte-hartzaileek hegalak "manipulatzeko, muntatzeko eta zabaltzeko oinarrizko prozedurak" ikasiko dituzte, baita "lehortzeko, etiketatzeko eta kontserbatzeko" jarraibideak ere. 

Era berean, jardueran genitaliak –ugalketa- eta sexu-organoen multzoa– erauzteko, garbitzeko eta prestatzeko prozedurak landuko dituzte, material optikoagaz behatu ahal izateko. Arreta berezia jarriko dute prozedura horiek kanpo-itxura antzekoa duten espezieak bereizteko duten erabilgarritasunean.

Bigarrena gauez egingo dute, 20:00etatik 24:00etara, Azkorriko itsaslabarretan. Hala ere, eguraldiaren arabera lekua alda daitekeela jakinarazi dute. Tailer horretan, sitsak erakartzeko argi-tranpa batzuk jarriko dituzte. Horren helburua antzemandako aleak sailkatzea eta identifikatzea, eta euren biologiari, taxonomiari eta beste bitxikeria batzuei buruzko xehetasunak azaltzea izango da.

Parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da: boluenatura@gmail.com helbidera idatziz eta egin gura den tailerra adieraziz –tailer teknikoa, gaueko landa-jarduera edo biak–.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun