Getxoko animalistek idi-proben aurkako protestaren balorazio positiboa egin dute

Elkarteek idi-probak egiten jarraitzen duten bitartean mobilizazioak antolatzen segituko dutela iragarri dute. © JOSU ASTRAIN

Urriaren 24an Andra Mariko kiroldegiaren aurrean egindako elkarretaratzeak 50 eta 60 pertsona artean bildu zituela jakinarazi dute antolatzaileek. Mobilizazioak sare sozialetan izandako oihartzuna nabarmendu dute, eta Getxoko Udalari idi-probak udal-instalazioetan egiteari uzteko neurriak hartzea eskatu diote.

Getxon idi-proben aurka egindako azken mobilizazioaren balorazio positiboa egin dute Sokamuturra Ez Getxo, Leioa Tratu Txarrik Ez eta Alma Animal elkarteek, baita protestan parte hartu zuten herritarrek ere. Zapatuan, urriaren 24an, Andra Mariko kiroldegiaren aurrean elkartu ziren 50 eta 60 pertsona artean, animalien erabilera salatzeko eta proba horiek bertan behera uztea eskatzeko.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, protestaren eragina ez da bertan bildutako pertsonetara mugatu. Haien esanetan, milaka lagunek bat egin dute aldarrikapenagaz Interneten eta sare sozialetan, Euskal Herriko, Estatuko eta atzerriko animalien aldeko hainbat kolektiboren babesagaz. Hedabideek egindako jarraipena ere eskertu dute, Getxon oraindik idi-probak egiten direla ezagutarazteko balio izan duelakoan.

"Irudiek berez hitz egiten dute", adierazi dute elkarteek, probetan ateratako argazki eta bideoei erreferentzia eginez. Haien arabera, irudietan makilen eta akuiluen erabilera, animalien zauriak, listu-jario handia, nekea eta beldurragaz lotutako jokabideak ikus daitezke. Horren aurrean, hausnarketarako deia egin dute: "Etikoki onargarria al da animalia horiek halako ahalegin eta sufrimendura behartzea sari batzuk lortzeko?".

Getxoko Udalari neurriak hartzeko eskatu diote

Elkarteek udalaren ardura ere jarri dute mahai gainean. Gogorarazi dutenez, idi-probak udal-instalazioetan egiten dira, eta sarietako batek "Getxo Udala" izena darama. Horregatik, Udalak ezin duela jarduera horietatik aldendu uste dute, espazio publikoak erabiltzeko aukera ematen duelako eta bere izena sarietan agertzen delako.

"Ezin dugu onartu herritar guztien zergekin mantentzen diren udal-instalazioak animaliak halako ahalegin eta sufrimendura behartzen dituzten lehiaketetarako erabiltzea", adierazi dute. Hori dela eta, Getxoko Udalari neurriak hartzeko eskatu diote, idi-probak instalazio publikoetan berriro egin ez daitezen.

Animalien erabilera herri-kiroletatik at

Elkarteek gogorarazi dute Getxon zein Leioan aurkeztu izan direla animalien arraste-probak amaitzeko herritarren ekimenak, baina ez dutela aurrera egin. Getxoren kasuan, gainera, sokamuturrari udalaren finantzaketa eta babesa kentzea ere eskatu izan dutela azaldu dute.

Haien ustez, erabaki politiko horien ondorioak animaliek jasaten dituzte zuzenean. "Erabaki horien lehen biktimak animaliak dira: arraste-probetan erabiltzen diren idiak eta sokamuturretan erabiltzen diren bigantxak", adierazi dute. Horregatik, udal-ordezkariei animalien babesagaz lotutako erabakietan ardura handiagoz jokatzeko eskatu diete.

Aldarrikapena herri-kirolen federazioetara ere zabaldu dute. Euskal Herriko eta Bizkaiko joko eta herri-kirolen federazioei eskatu diete animalien arraste-proben etorkizunari buruzko hausnarketa egiteko. Elkarteek argi utzi dute ez dutela araudia moldatzea nahikotzat jotzen: "Ez dugu eskatzen animalien ongizatea hobetzeko itxurapean araudia aldatzea. Animaliak herri-kiroletatik behin betiko kentzea eskatzen dugu".

Horren ordez, animalien parte-hartzerik gabeko modalitateak sustatzearen alde egin dute, giza probak kasu. Haien esanetan, idiek, astoek eta zaldiek belaunaldiz belaunaldi lagundu dute nekazaritzan eta garraioan, eta egindako ekarpen horrengatik errespetua merezi dute, lehiaketetan erabiltzen jarraitu beharrean.

Mobilizazioakaz jarraitzeko asmoa

Antolatzaileek  euren aldarrikapena ez dela herri-kirolen aurkakoa azpimarratu dute, animalien erabileraren aurkakoa baizik. Haien iritziz, tradizioak bilakaera izan dezake, eta kirol-modalitateek ez dute zertan animalien parte-hartzearen menpe egon.

Horregatik, idi-probak egiten jarraitzen duten bitartean mobilizazioak antolatzen segituko dutela iragarri dute. "Ez dugu eskatzen proba horiek hobeto arautzea. Egiteari uztea eskatzen dugu. Animalia baten sufrimendua ez da kirol bihurtzen araudi batek baimentzen duelako", adierazi dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun