Urriaren 31n, zapatuan, kalabazak, mozorroak eta pertsonaia beldurgarriak izango dira nagusi Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan. Zasi Eskolak adin guztietako herritarrentzako egitaraua antolatu du, eta arrastia auzoan giro ederrean pasatzeko gonbita egin du.
Txikienak izango dira lehenengo protagonistak, 17:30ean hasiko diren umeentzako tailerrakaz. Ordubete geroago, 18:30ean, txokolate-jana egingo dute, eta, iluntzen hasten denean, Gau Beltzaren ikuskizunaren txanda iritsiko da, 19:30ean.
Baina ospakizuna ez da hor amaituko. 20:30ean, disko festa ibiltariak hartuko du lekukoa, eta musikak zein dantzak girotuko dituzte auzoko kaleak.
Zasi Eskolak antolatu du ospakizuna, Getxo Kulturaren laguntzagaz, eta herritarrak animatu ditu mozorroak jantzi eta Gau Beltzaz elkarregaz gozatzera.