Punta Galeako olatu handien txapelketa bueltan da, 30 surflarigaz eta 30.000 euro saritan

Punta Galeako olatuak tokiko kirolarientzat ere erreferente bihurtu dira. © GETXOKO UDALA

Azaroaren 1ean hasiko da Red Electrica Punta Galea Big Wave Challenge txapelketaren itxaronaldia, eta 2027ko apirilaren 30era arte luzatuko da. Guztira, 24 gizon eta sei emakume lehiatuko dira, bertako zein nazioarteko surflariak.

Punta Galeako itsaslabarrak olatu handien surfaren agertoki bihurtuko dira beste behin. Red Electrica Punta Galea Big Wave Challenge txapelketa bueltan da Getxora, eta munduko surflari nabarmenetako batzuk elkartuko ditu berriro ere. Europako olatu handiko surf txapelketarik zaharrena da, eta aurtengo edizioan 30 kirolari lehiatuko dira, 30.000 euro saritan banatzeko.

Lehiakideen artean, nazioarteko izen ezagunak eta bertako surflariak izango dira. Emakumezkoen kategorian, Sol Borelli lanzarotarra izango da nobedadeetako bat. Gaur egun gure kostaldean bizi da aldi baterako, eta 18 urtez azpiko munduko surf txapelduna da. Punta Galeako txapelketan lehen aldiz parte hartuko du, eta bertako surflarien harrera ona eta giroa nabarmendu ditu.

Gizonezkoetan, berriz, Grant "Twiggy" Baker hegoafrikarraren eta Nic Lamb kaliforniarraren parte-hartzea baieztatu dute. Baker munduko txapelduna da, eta Lambek birritan irabazi du Punta Galeako proba. Gainerako parte-hartzaileen izenak datozen asteetan jakinaraziko dituzte.

Sei hilabete olatu egokiaren zain

Txapelketaren berezitasunetako bat da ez duela egun finkorik. Azaroaren 1etik 2027ko apirilaren 30era bitartean, antolatzaileek itsasoaren eta eguraldiaren bilakaera aztertuko dute, surflariek baldintza onenetan lehiatzeko aukera izan dezaten.

Helburua sei metro inguruko olatu handiak aurkitzea da, haizearen eta itsasoaren baldintza egokiakaz. Horregatik, txapelketaren behin betiko eguna 48 ordu lehenago iragarriko dute.

Adrian Fernandez de Valderrama lehiaketako zuzendariak azaldu duenez, sei hilabeteko itxaronaldiagaz baldintza egokienak aurkitzeko aukera gehiago izango dituzte. Gainera, aurtengo edizioa El Niño fenomenoagaz bat datorrela nabarmendu du, eta olatuen iragarpenei begira baikor agertu da.

Behin eguna zehaztuta, zortzi ordu inguruko ikuskizuna izango da Punta Galean. Iaz 20.000 zale inguru hurbildu ziren itsaslabarretara, eta aurten ere milaka lagun biltzea espero dute antolatzaileek.

Munduko surflariak eta bertako harrobia

Punta Galeako olatuak nazioarteko surflariak erakartzeaz gain, bertako kirolarientzat ere erreferente bihurtu dira. Horren adibide da Natxo Gonzalez surflaria, olatu horietan hazitakoa eta nazioartean ibilbidea egin duena.

Amaia Agirre Getxoko alkateak txapelketaren berezitasuna azpimarratu du. Haren esanetan, kirol ikuskizun zirraragarria izateaz gain, ingurune natural paregabean egiten da, eta itsaslabarrek anfiteatro baten moduko ikuspegia eskaintzen diete zaleei.

Bestalde, Antonio Gonzalez Red Electricak Euskadin duen ordezkariak ekitaldiaren nazioarteko oihartzuna nabarmendu du. Txapelketak ahalegina, egokitzeko gaitasuna eta ingurunearekiko errespetua bezalako balioak sustatzen dituela adierazi du, eta emakumeen kirola babesteko konpromisoa ere azpimarratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun