Getxok Etorkien Plataforma Federazioa elkarteari diru-laguntza eskainiko dio

Laura Fontalba Colomo

Aurten ere, Getxoko Udalak 42.000 euroko diru-laguntza onartu dio Getxoko Etorkinen Plataforma Federazioari (FEPLIGUE). Laguntzaren helburuen artean, parte-hartzaileen "autonomia, elkarbizitza eta inklusioa" sustatzea eta estereotipoak "desegitea" aipatzen ditu. 

Diru-laguntza horregaz, federazioak bere funtzionamendu-gastuak ordaindu, federazioa osatzen duten edo etorkizunean osa dezaketen elkarteei lagundu eta aholkularitza eman, eta topaketa zein prestakuntza-guneak antolatu ahal izango ditu.

2021ean, Getxoko Udalak 40.000 euro eman zion federazioari, eta 2023tik hona, urtero 42.000 euro. Helburua beti berdina izan da: atzerriko jatorriko biztanleen eta bertakoen "noranzko biko integrazioa" sustatzea. Horretarako, diru-laguntzagaz prestakuntza-tailerrak, irteerak eta bestelako jarduerak antolatu dituzte.

Getxoko Etorkinen Plataforma Federazioa

Federazioaren estatutuetako helburuen artean etorkinen eta bertakoen arteko integrazioa sustatzea; etorkinen interesak Udalaren eta bestelako erakundeen aurrean ordezkatzea; federazioa osatzen duten elkarteen arteko koordinazioa sustatzea; eta bizikidetza-, harrera- eta sentsibilizazio-programak sustatzea.

Gainera, 2009tik Getxoko migratzaileen elkarteakaz sare-lanean dihardu, eta gaur egun udalerriko hainbat programatan ere parte hartzen du. Esaterako, Bizilagunak kulturarteko bazkariak antolatzen ditu Udalagaz eta Egizu Getxo Euskaldun elkarteagaz batera. Aurtengo edizioa azaroaren 8an egingo dute, Etxean edo txokoan, harremanak elikatzen lelopean, jatorri desberdineko familiak eta taldeak mahai baten inguruan elkartzeko helburuagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun