Elkarrekin Podemosek Kirol Portuko Getxo Zinemak mantentzea eskatu du

Iratxe Ugartetxea Muelas

Getxo Zinemak udalerriko Kirol Portuan kokatuta daude. © MIKEL AGIRREGABIRIA

Elkarrekin Podemos Getxok adierazi du mozio bat eramango duela Getxoko Udalbatzara zinemak mantentzea eskatzeko. Alderdiaren aburuz, zinemak aisialdirako aukera irisgarri eta hurbilekoa dira, prezio merkean eskaintzen baitute estreinaldi komertzialetarako sarbidea, herritarrek zinema komertzialaz gozatzeko beste udalerri batzuetara joan behar izatea saihestuz.

Alderdiak azaldu duenez, “Portu-Hiri Jasangarria Getxo/Bilbo: Ikuspegi Integratua 2030+” Master Plana egiteko laguntza teknikoa uztailaren 29an esleitu zen, eta Getxoko Kirol Portuko ingurunea eraldatzeko helburua duen plana egiteko epea hamaika hilabetekoa izango dela aurreikusten da. Mozioaren bidez, Getxoko Udalari zinemen etorkizuna plangintzaren hasieratik kontuan hartzea, Bilboko Portuko Agintaritzaren aurrean zinemak mantentzea defendatzea eta herritarrei zuzendutako erabilerak lehenestea eskatuko dutela adierazi dute Elkarrekin Podemoseko kideek.

Horrez gainera, alderdiak gehitu du zinemak mantentzea herritarren aldarrikapena ere dela. Izan ere, 2024ko urtarrilean 5.000 sinadura baino gehiago bildu zituzten herritarrek zinemak mantentzearen alde, eta eskaera hori aurrekontu parte-hartzaileen prozesuetan presente egon da ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun