Getxo Kulturak hamar urteko ibilbideak lehiaketaren garrantzia agerian utzi duela azpimarratu du. Izan ere, urte hauetan, lan ugari jaso dituzte eta horien aniztasuna bereiziki nabarimendu dute. Orain arte, saritutako lan gehienak argitaratu direla edo argitaratzeko bidean daudela ere ospatu dute.
Lehiaketa Pinillesca kolektiboaren proposamenari jarraituz abiatu zuten, egile ospetsuaren memoria zaintzeko eta literatura-sorkuntza sustatzeko helburuakaz.
Epaimahaia osatuko duten pertsonen izenak oraindino ez dituzte jakinarazi, baina horien erabakia datorren urteko irailean jakinaraziko da, Muxikebarri zentroan egingo den sari-banaketa ekitaldian. Edizio honetan ere, 6.300 euroko bi sari banatuko dituzte: bat euskarazko lanentzat eta bestea gaztelaniazkoentzat.
Aurreko edizioaren emaitzak
Lehiaketaren azken edizioan, Goiatz Labandibar –euskarazko eleberrien kategorian– eta Mila Garcia de la Torre –gaztelaniazko lanen kategorian– izan ziren irabazleak. Guztira, 234 lan jaso ziren, jatorri askotakoak.
Gainera, azken edizioetan gertatu den bezala, euskarazko lan irabazlea Erein argitaletxeak argitaratuko du, Getxo Kulturagaz duen hitzarmenari esker. Gaztelaniazko eleberriaren kasuan, ordea, argitaratzen bada, beste 1.000 euroko laguntza jasoko duela jakinarazi dute.