Elkarrekin Podemosek turismo-zerga berria onartzea lortu du Getxon

Laura Fontalba Colomo

Gurutzaontziak Getxoko portuan. 

Elkarrekin Podemosek jakinarazi duenez, EAJgaz eta PSE-EEgaz lortutako akordioari esker, turismo-zerga onartzea lortu dute Getxon. Akordioak % 10eko errekargua ezartzen du zerga-kuotaren gainean, eta, taldearen arabera, Bizkaiko zergarik handiena aplikatuko zaie gurutzaontziei eta etxebizitza turistikoei.

Xabier Benito bozeramaileak azaldu duenez, udal-akordio horri esker, foru-araudian jasotako Turismo Egonaldien gaineko Zerga Getxoko errealitatera egokitzeko kuotak adostu dituzte. Akordioak %10eko errekargua zerga kuotaren gainean aurreikusten du, eta aukera hori foru araudian jasotzen da. "Horri esker, hotelen gaineko zerga erreferentziazko beste udalerri batzuentzat ezarritakoa baino txikiagoa izan daiteke, gurutzaontzietan eta pisu turistikoetan karga handiagoa lortzen dugun bitartean", azaldu dute.

Taldeak azaldu duenez, proposamenak kuota progresiboak aurreikusten ditu hoteletarako: izar bateko ostatuetan 0,83 euro pertsonako eta gaueko, eta bost izarreko ostatuetan 4,95 euro pertsonako eta gaueko. Bestalde, erabilera turistikoko etxebizitzentzat eta gurutzaontzientzat gehieneko kuotak proposatu dituzte: 7,15 euro pertsonako eta gaueko etxebizitza turistikoetan, eta 7,70 euro gurutzaontzietako bidaiarientzat. Zenbateko horiek %10eko errekargua barne hartzen dute.

Elkarrekin Podemosek adierazi duenez helburua udalerrian "tentsio handiena eragiten ari den eredu turistikoa gehiago zigortzea eta zergapetzea" da. Taldearen ustez, etxebizitza turistikoek eragin negatibo berezia dute udalerriko etxebizitza-merkatuan. Benitoren hitzetan: "Tokiko ekonomiari laguntzen dioten negozio-eredua babestu nahi dugu, eta beste jarduera batzuek etxebizitza eskuratzea edo udalerriaren saturazioa bezalako arazoak larriagotu ditzaten saihestu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun