Klubak ere ustezko gertakari horien aurrean bere "gaitzespenik irmoena" adierazi du, eta, adingabeak babesteko helburuagaz, "adingabeak babesteko barne-protokoloa" aktibatu duela jakinarazi du, "gertakari tamalgarri horiek argitzen eta ikerketan laguntzen parte hartzeko".
Era berean, klubak eragindako adingabeei eta euren familiei "gertutasuna, elkartasuna eta babes osoa" adierazi die, eta adingabeen ongizatea bermatzeko beharrezkoa den laguntza eta bidelaguntza eskaini dizkie.
Udalak, bere aldetik, ikerketaren epeak eta garapena errespetatzea funtsezkotzat jo du, ikerketan eragina izan dezaketen "espekulazio edo balorazio presatiak" saihesteko deia eginez. lldo beretik, klubak ere "ikerketaren bilakaera oztopa dezaketen espekulazioak eta balorazio goiztiarrak une oro saihestea" eskatu du, eta "ardura eta zuhurtzia handiz" jokatzeko deia egin du, adingabeen zein ikerketapean dagoen pertsonaren sentiberatasunari kalte egin diezaioketen zurrumurruak, iruzkinak eta informazioak ez zabaltzeko.
Horrez gain, Getxoko Udalak Indarkeria Matxistaren aurkako Erakundeen arteko Jarduera eta Koordinazio Protokoloa aktibatu duela aurreratu du. Udaltzaingoaren bitartez, Ertzaintzagaz harremanetan jarri da, inplikatutako erakundeen arteko koordinazioa bermatzeko eta dagozkien eskumenen esparruan beharrezkoak izan daitezkeen jarduerak errazteko.
Udalak erantzukizunez jokatzeko eta adingabeen zein euren familien "intimitatea, duintasuna eta eskubideak" erabat errespetatzeko deia egin du. Horregatik, adingabeen identifikazioa edo birbiktimizazioa eragin dezaketen informazioak, irudiak, zurrumurruak edo iruzkinak ez zabaltzeko eskatu du. Ertzaintzaren arabera, ikerketa oraindino zabalik dago, biktima gehiago egon daitezkeen argitzeko.