Ainhize Ganzabal getxoztarra, Getxo Moda Lab 2026ko irabazlea

Diseinatzaile getxoztarrak Getxo Moda Lab 2026 lehiaketa irabazi zuen ILO bildumagaz. © GETXOKO UDALA

Getxo Modaren 39. edizioak 700 gonbidatu baino gehiago bildu ditu. Muxikebarriko desfileetan bertako saltokien proposamenak, euskal diseinatzaileen lanak eta nazioarteko moda elkartu dira, Assaad Awad diseinatzaile gonbidatuaren parte-hartzeagaz.

Moda, sormena eta bertako merkataritza izan dira protagonista aste honetan Getxon. Getxo Modak 39. edizioa ospatu du, eta urriaren 29an, eguenean, Muxikebarri pasarela bihurtu zen. Getxoko saltokiek euren proposamenak erakutsi zituzten, euskal diseinatzaileek bilduma berriak aurkeztu zituzten eta nazioarteko sortzaileek ere izan zuten lekua. Antolatzaileen arabera, 700 gonbidatu baino gehiago bildu ditu aurtengo egitarauak.

Eguneko izen propioetako bat Ainhize Ganzabal izan zen. Diseinatzaile getxoztarrak Getxo Moda Lab 2026 lehiaketa irabazi zuen ILO bildumagaz, IED Kunsthal Bilbaon egindako Gradu Amaierako Lanagaz. Bere proposamenean, gorputzaren, espazioaren eta zaintzaren arteko harremana landu du, ehunekaz esperimentatuz eta hariak askatzeko teknikak erabiliz.

Nuria Barreiros Getxo Enpresako presidenteak eman zion saria Ganzabali. Gainera, Basque BioDesign Centerrek beka bana eman zien berari eta Gaizka Albizu diseinatzaile getxoztarrari, euren proiektuak garatzen jarraitzeko aukera izan dezaten.

Getxo Moda Labeko desfilea eguerdian egin zuten, eta diseinatzaile gazteek euren lanak sektoreko profesionalen aurrean erakusteko aukera izan zuten. Ganzabal eta Albizugaz batera, IED Kunsthal Bilbaoko beste bost ikasle ohiek ere euren bildumak aurkeztu zituzten: Mikel Cabezak, Jon Unzuetak, Zuriñe Barruetak, Ainara Arizabaletak eta Amaia Aguirrek.

Basque BioDesign Centerrek ere parte hartu zuen goizeko saioan, Morphogenesis bildumagaz. Getxoko paisaian eta naturaren formetan inspiratutako jantziak aurkeztu zituzten, biomaterialak, landare-jatorriko ehunak eta 3D inprimaketa uztartuta. 

Bertako merkataritzatik nazioarteko pasarelara

Arrastian, Getxoko saltokiek euren moda eta osagarrien proposamenak erakutsi zituzten eta haiekaz batera, Basque Style ataleko Borja Hernandez, Charo Alvarez, Charo Rodriguez (Rocha) eta Angel Amor diseinatzaileek er parte hartu zuten. Tradizioa, artisautza eta egungo joerak uztartu zituzten euren lanetan. 

Gaualdiko gonbidatu berezia Assaad Awad izan zen. Jatorri espainiar eta libanoarreko diseinatzaileak Lady Gaga eta Madonna artistakaz egin du lan, baita Hermès eta Balenciaga markakaz ere. Oraingoan, La costura interior: el vacío, la forma y la herida  bilduma ekarri zuen Getxora, Cristobal Balenciagaren bizitzan inspiratutakoa. Material tradizionalak, eskultura-itxurako egiturak eta 3D inprimaketa nahastu zituen bere proposamenean.

Amaia Aguirre Getxoko alkateak aitortza eman zion Awadi, aurtengoe dizioan parte hartzearren eta ekitaldiari nazioarteko oihartzuna ematearren.

Baina ez zen gaueko saritu bakarra izan. Abraham de Amezaga kazetari, idazle eta irakasleak Bikaintasun Profesionalaren Saria jaso zuen, moda eta luxuaren munduan egindako ibilbideagatik. Juanma Gonzalez Getxo Laneko zinegotziak eman zion aitortza. De Amezagak, gainera, lotura berezia du Getxogaz, bertan bizi izan baitzen haurtzaroan eta nerabezaroan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun