EH Bilduk Alangoko etxebizitzen kudeaketa ikertzeko eskatu du

EH Bilduk etxebizitzen kudeaketa berriro esku publikoetara itzultzea ere proposatu du.

Getxoko Alangoko babes ofizialeko etxebizitzak kudeatzen dituen Nestar enpresak kontratua bete ez duelako susmoak daudela ohartarazi du alderdiak. Udalari egoera argitzeko eskatu dio, baita 2031tik aurrera bertan bizi diren familiei zer gertatuko zaien zehazteko ere.

Zer gertatuko da Alangoko babes ofizialeko etxebizitzetan bizi diren familiakaz 2031n? Galdera honek oraindik ez du erantzun argirik, eta EH Bilduk Getxoko Udalari bizilagunen etorkizuna bermatzeko neurriak har ditzala eskatu dio. Izan ere, etxebizitzen alokairu-epealdia  urte horretan amaituko da, eta alderdiaren arabera, bertan bizi direnek ez dakite ordutik aurrera euren etxeetan jarraitzeko aukerarik izango duten. 

Etxebizitza horiek Getxoko etxebizitza parke publikoaren parte dira, baina Nestar enpresa pribatuak kudeatzen ditu, lehen Lazora izenagaz ezagutzen zenak. EH Bilduk salatu duenez, enpresak 2011n Udalagaz sinatutako kontratua bete ez duelaren zantzuak daude, eta horiek ikertzeko eskatu dio udal-gobernuari.

Koalizioak azaldu duenez, azken urteotan hainbat kexa egin dituzte Alangoko bizilagunek. Besteak beste, mantentze-lanetan gabeziak daudela, enpresagaz harremanetan jartzea zaila dela eta alokairu-kontratuetan klausula abusiboak ezarri dizkietela salatu dute. Horrez gain, gaur egun 14 etxebizitza hutsik daudela jakinarazi du EH Bilduk.

Horren aurrean, Udalak egoera aztertu eta Nestarrek kontratuan jasotako baldintzak betetzen dituen argitu behar duela uste du koalizioak. Eta, ikerketaren ondoren, kontratua bertan behera uzteko arrazoi tekniko eta juridikoak daudela egiaztatzen bada, horretarako beharrezko neurriak hartzeko eskatu du.

EH Bilduk etxebizitzen kudeaketa berriro esku publikoetara itzultzea ere proposatu du. Horretarako, VISESAren edo Alokabideren bidez kudeatzea planteatu du, edota Getxoko Udalak zuzenean bere gain hartzea. Koalizioaren ustez, etxebizitza babestuen kudeaketan bizilagunen beharrak eta interes publikoa lehenetsi behar dira.

Bizilagunen etorkizuna, argitu barik

Kudeaketaren inguruko arazoez gain, EH Bilduk bereziki 2031ra begira dagoen ziurgabetasuna nabarmendu du. Alokairu-epealdia amaitzeko bost urte falta diren arren, koalizioaren arabera, familiek oraindik ez dute euren etorkizunari buruzko erantzun argirik jaso.

"Alangoko bizilagunek etxebizitza duina eta egonkorra izateko eskubidea dute. Udalak ziurtatu behar du gaur egun etxebizitza horietan bizi direnek etorkizunean ere bertan bizitzen jarraitzeko aukera izango dutela, inolako ziurgabetasunik gabe", adierazi du EH Bilduk.

Horregatik, Getxoko Udalari kontratua ikertzeko eskatu dio, baita balizko ez-betetzeak egiaztatzen badira neurriak hartzeko eta, batez ere, Alangoko bizilagunen etorkizuna eta etxebizitzen izaera publiko eta babestua bermatzeko ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun