Taldeak jakinarazi duenez, Ereagako hondartzarako autobus-zerbitzuak 5.366 bidaiari-bidaia erregistratu zituen udako hiru hilabeteetan, batez beste bi erabiltzaile inguru ibilaldi bakoitzeko. Eduardo Andrade bozeramaileak Getxobus hiri-autobus berria martxan jarri aurretik datu horiek kontuan hartzeko eskatu dio Udalari.
PPren ustez, datu horiek garraio publikoaren plangintza-irizpideak berrikusteko balio beharko lukete, hiri-autobus berria erabilera urriko beste zerbitzu bat izan ez dadin. Izan ere, martxan egon zen hiru hilabeteetan, egunero 30 ibilaldi inguru egin zituen autobusak. PPren arabera, emaitza horiek "agerian uzten dute ibilbideak eta mugikortasun-eskaerak hobeto aztertu behar direla ekimen berriak martxan jarri aurretik".
Eduardo Andrade bozeramaileak zerbitzuak 65.000 euro inguruko kostua izan duela ohartarazi du: "Ez dugu zalantzan jartzen garraio publikoa hobetzeko beharra, baina bai dirua plangintza egokirik gabe eta herritarren beharrak aldez aurretik aztertu barik gastatzea".
Era berean, Santa Ana, Itzubaltzeta/Romo, Andra Mari, Salsidu eta Aldapas inguruko eremuak zuzeneko loturarik gabe utzi zituela ere kritikatu du, eta erabaki horrek "nabarmen" murriztu zituela zerbitzua erabiltzeko aukerak azpimarratu du. Horregatik, herritarrek garraio publikoa erabiltzea gura badute, ibilbide erabilgarriak eskaini behar direla adierazi du taldeak.
"Getxok behar duena hiri-autobus erabilgarri bat da, gure auzoak lotuko dituena eta herritarren eguneroko bizimodua erraztuko duena. Ez dugu gura berriro ere bulego batetik zerbitzu bat diseinatzea, herritarrak udalerrian benetan zelan mugitzen diren kontuan hartu barik", azpimarratu du Andradek.
Azkenik, udal gobernuari herritarrei entzutea, ondo planifikatzea eta diru publikoaren euro bakoitza arduraz kudeatzea eskatu dio.