Algortako Eskubeltz eskaut taldeak 35 urte beteko ditu

Eskubeltz 1991n sortu zen, 8 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteei aisialdian hezteko aukera eskaintzeko.

Azaroaren 14an Algortako Eskubeltz eskaut taldeak bere 35. urteurrena ospatuko du, Fadurako TikiToki zentroan. Bi mahai-inguru, manifestu baten sinadura eta urteurrenerako sortutako abesti baten aurkezpena prestatu dituzte. Sarrera doakoa izango da.

Urte hauetan guztietan, herriko hainbat belaunalditako ume eta gazteek parte hartu dute taldearen jardueretan, mendiko irteeretan eta bestelako ekintzetan. Egindako ibilbidea ospatzeko, hitzordu berezia prestatu dute azaroaren 14rako, Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuagaz elkarlanean.

Ospakizuna Fadurako TikiToki zentroan egingo dute, eta ateak 17:30ean irekiko dituzte. Sarrera doakoa izango da, lekua bete arte. Eskaut taldeko kideez gain, Getxoko gizarte- eta hezkuntza-arloko elkarteetako ordezkariak eta adituak ere elkartuko dira bertan.

Baina urtebetetzea ospatzeaz gain, beste helburu bat ere badute: aisialdiko hezkuntzak umeen eta nerabeen garapenean duen garrantziaz hitz egitea. Izan ere, eskaut taldeentzat aisialdia ez da ondo pasatzeko tartea bakarrik; besteakaz harremanak sortzeko, elkarbizitza lantzeko eta herrian parte hartzeko aukera ere bada.

Gai horien inguruan hitz egiteko, bi mahai-inguru antolatu dituzte. Lehenengoan, eskaut taldeek erabiltzen dituzten hezkuntza-metodoak eta horiek gizartean aldaketak bultzatzeko izan dezaketen eragina aztertuko dituzte, arlo horretan esperientzia duten adituen laguntzagaz. Bigarrenean, berriz, Getxoko hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariak elkartuko dira, aisialdiko hezkuntzak euren lanean eta herriko komunitatean izan duen eraginaz berba egiteko.

Topaketaren amaieran, komunitatean heztearen garrantzia aldarrikatuko duen manifestua sinatuko dute. Horren bidez, Eskubeltzek aisialdiko hezkuntzaren bitartez herriko harremanak sendotzen eta gizarte kohesionatuagoa eraikitzen jarraitzeko konpromisoa hartuko du. Eta ospakizunari amaiera emateko, urteurrenerako bereziki sortutako abesti bat aurkeztuko dute, taldeko neska-mutil guztien parte-hartzeagaz.

Ainhoa Revuelta Eskubeltzeko lehendakariaren esanetan, urteurrenak taldea "35 urte betetzen dituen honetan inoiz baino errotuago dagoela Algortan eta Getxon" erakutsiko du. Horrez gain, euren helburua "ez dela aisialdiko jarduerak dinamizatzea, baizik eta udalerriko komunitatearen garapenean modu proaktiboan parte hartzea" nabarmendu du.

35 urte umeak eta gazteak hezten

Eskubeltz 1991n sortu zen, 8 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteei aisialdian hezteko aukera eskaintzeko. Ordutik, aste-akabuetako jarduerak, mendiko irteerak eta boluntariotza-ekintzak antolatu dituzte, adin bakoitzera egokituta.

Gaur egun, 120 neska-mutil inguru eta borondatez aritzen diren 18 begirale ditu taldeak. Horiez gain, begirale ohiek eta familiek osatutako bi batzorderen laguntza ere badute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun