Bertsoak, musika eta Iparraldeko doinuak izango dira protagonista datozen asteetan Getxon. Izan ere, 25 urte bete ditu Iparra Galdu gabe egitasmoak, eta urteurrena ospatzeko hainbat jarduera prestatu dituzte. Lehengo hitzorduak bariku honetan, azaroaren 6an, izango dira, eta herritarrek bi proposamen izango dituzte aukeran.
Alde batetik, bertso musikatuaren emanaldia izango da Algortako Azebarrin, 19:00etan. Miren Artetxe, Maddi Ane Txoperena eta Unai Mendiburu bertsolariek hartuko dute parte, Araitz Bizkai eta Oihana Landa musikarien laguntzagaz. Kerman Diaz arituko da gai-jartzaile lanetan. ALBEk antolatutako saioa Euskal Herria kaleko 14.zenbakian egingo dute.


Abestea nahiago dutenek ere euren tartea izango dute. Izan ere, egun berean hasiko da Iparraldea kantuz ikastaroa, Itxaso Arrieta Goiriren eskutik. Lau saio izango dira guztira, azaroaren 6an, 13an, 20an eta 27an, 18:00etan, Andra Mariko Bentan. Iparraldeko kantak ezagutu eta elkarregaz abesteko aukera eskainiko dute bertan. Bentaranoak elkarteak ikastaroa antolatu du, eta parte hartu gura dutenek bentaranoakelkartea@gmail.com helbidera idatzi beharko dute.
25 urte Iparraldeko kulturari leiho bat zabaltzen
Duela mende laurden hasi ziren Getxoko Udala, Euskal Kultur Erakundea eta herriko hainbat elkarte zein eragile elkarlanean. Helburua Iparraldeko kultura eta bertako sortzaileak ezagutaraztea, eta mugaren bi aldeetako kultur harremanak sendotzea zen. Horrela sortu zen Iparra Galdu Gabe, eta 25 urte geroago ere hasierako asmo berari eusten dio.
Urteurreneko egitarauan, gainera, izen berezi bat nabarmenduko da: Niko Etxart. Musikaria egitasmoaren lehenengo edizioan izan zen, eta aurten berriro itzuliko da Getxora. Oraingoan, ordea, bere ibilbideari aitortza egiteko.
Izan ere, Etxartek 50 urte baino gehiago darama musikaren munduan, eta Iparraldeko euskal musikaren erreferenteetako bat da. Horregatik, antolatzaileek omenaldi-kontzertu bat prestatu dute haren omenez, eta hori izango da aurtengo egitarauko hitzordu nagusia.
Bitartean, ospakizunak bariku honetan hartuko du martxa, bertsoen eta kantuen artean. Iparraldeko kultura Getxora hurbiltzeko beste aukera bat izango da, duela 25 urte hasitako bideari jarraipena emanez.