Getxo herri lagunkoiagoa izateko herritarren iritzia jaso gura dute

Parte hartu gura dutenek Getxoko Udalaren webgunean bete dezakete galdetegia.

Getxo Lagunkoia programaren barruan, inkesta bat jarri du martxan Udaleko Zahartze Aktiboko Zerbitzuak. Garraioaren, etxebizitzaren, aisialdiaren eta beste hainbat gairen inguruan herritarrek dituzten esperientziak eta iritziak ezagutu gura dituzte.

Nolakoa da Getxo adinean aurrera doazen pertsonentzat? Erraza al da herrian mugitzea? Eta egokiak al dira aisialdirako, kirola egiteko edo eguneroko beharrei erantzuteko dauden aukerak? Horrelako gaien inguruan herritarrek zer pentsatzen duten jakin gura du Getxoko Udalak, eta, horretarako, inkesta bat jarri du martxan Getxo Lagunkoia programaren barruan.

Zahartze Aktiboko Zerbitzuak prestatu duen galdetegiaren bidez, herritarren eguneroko esperientziak eta ikuspuntuak bildu gura dituzte. Besteak beste, aire zabaleko espazioak, garraioa, etxebizitza, kirola, aisialdia eta Gizarte Zerbitzuak izango dituzte hizpide.

Ekimenaren atzean gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den errealitate bat dago: biztanleria zahartzen ari da, eta horregaz batera, herritarren beharrak ere aldatzen doaz. Hori dela eta, adinean aurrera egin ahala sortzen diren erronkei buruz hausnartu gura dute, Getxo herri lagunkoiagoa izateko zer hobetu daitekeen aztertuz.

Hausnarketa hori ez da hutsetik hasi. Izan ere, joan den ekainaren 12an egindako Getxo Lagunkoia topaketan hainbat gai eta erronka identifikatu zituzten. Orain, inkestaren bidez, herritarren iritziak jaso eta orduan landutako gaietan sakondu gura dute.

Parte hartu gura dutenek Getxoko Udalaren webgunean bete dezakete galdetegia. Horrela, euren esperientziak partekatu eta herrian zahartzearen inguruko hausnarketan ekarpena egiteko aukera izango dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun