Gabonetan Madrilera joateko aukera izango dute aurten ere Getxoko gazteek. Izan ere, Udaleko Gazteria Zerbitzuak, Algortako Gauegun eta Erromoko Guregune gaztelekuekaz elkarlanean, bi eguneko bidaia antolatu du abenduaren 26rako eta 27rako. Guztira, 2008 eta 2011 artean jaiotako 50 gaztek parte hartu ahal izango dute, hezitzaile talde baten laguntzagaz.
Lehenengo egunean, abenduaren 26an, Madrilgo Vallecas auzoko gazte-zentro bat bisitatuko dute. Bertako gazteakaz esperientziak partekatzeko, jolasteko eta elkar ezagutzeko aukera izango dute. Ondoren, hirian zehar ibilbide turistiko txiki bat egingo dute.
Bigarren egunean, berriz, abenduaren 27an, Warner parkean igaroko dute eguna, bertako atrakzioez eta bestelako jarduerez gozatzeko.
Antolatzaileek azaldu dutenez, irteeraren helburua ez da aisialdirako plan bat eskaintzea bakarrik. Bidaiaren bidez, gazteen autonomia lantzea, elkarbizitza sustatzea eta esperientzia berriak bizitzeko aukera ematea ere bilatzen dute. Horrela, ohiko ingurunetik kanpo beste gazte batzuekaz harremanak sortu eta euren gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko aukera izango dute.
Parte hartzeko, minutu bateko bideoa
Bidaian izena emateko epea bariku honetan, azaroaren 6an, zabalduko dute, eta azaroaren 20ra arte egongo da aukera. Dena den, izena emateko modu berezia prestatu dute: gazteek minutu bateko bideo bat egin beharko dute, banaka, bikoteka edo taldean.
Bideoan, euren izena eta adina adierazteaz gain, bidaian zergatik parte hartu gura duten azaldu beharko dute. Horrez gain, gaztelekuek etorkizunean zer jarduera, proiektu edo txango antolatzea gustatuko litzaiekeen kontatu beharko dute. Bidaiaren prezioa 100 eurokoa izango da, gastu guztiak barne.
Informazio gehiago behar dutenek 688 840 356 edo 635 70 65 26 telefono-zenbakietara deitu dezakete.