Getxok Gabonetako argiak jartzeko aurretiazko lanak hasi ditu

Laura Fontalba Colomo

Gabonetako argiak eta apaingarriak urtarrilaren 7ra arte egongo dira Getxon. 

Gaur, Getxoko Udalak Gabonetako apaingarriak jartzeko lanak hasi ditu. Kasu batzuetan, lan horiek trafikoari eragingo diotela aurreratu du Udalak.

Gabonetako argien sarea muntatzeko lehen metalezko zutabeak jartzen hasi dira jada hainbat kaleetan. Hala nola Eduardo Coste, Nagusi eta Las Mercedes kaleetan, Areetan, Artatzako biribilgunean, Amezti eta Euskal Herria kaleetan eta Venancio bidegurutzean, Algortan. Horien ondoren, fatxaden, kutxa elektrikoen eta linea elektrikoen artean lokarriak instalatuko dituztela aurreratu du Udalak.

Aldi berean, Bizkaia Zubia eta Santa Eugenia plazetan eta Gernika eta Malakate parkeetan izei-itxurako egiturak jarriko dituzte. Aste honetan, gainera, Gabonetako apaingarriak jartzen jarraituko dute: zuhaitzetan girlandak jarriko dituzte; faroletan, zutabeetan, pergoletan eta fatxadetan, Gabonetako motiboak; eta, azkenik, arkuak eta idazkunak ere jarriko dituzte.

Argiztapenaren ordutegiak energia aurrezteko ezarritako jarraibideei jarraituko die. Hori dela eta, argiak domekatik eguaztenera 18:00etatik 23:00etara piztutak egongo dira; eguenetik zapatura 18:00etatik 24:00etara, eta abenduaren 24an eta 31n, baita urtarrilaren 5ean ere 18:00etatik 02:00etara.

Gabonetako argiztapen-lanak 321.480 euroko aurrekontua izan dute, BEZa barne. Eta, Udalak aurreratu duenez, desmuntatze-lanak urtarrilaren 7an hasiko dituzte, Gabonetako kanpaina amaitutakoan. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun