Indarkeria matxistaren aurkako jarduerak antolatu dituzte Getxon azaroaren 25aren harira

Lehenengo hitzordua azaroaren 9an izango da.

Indarkeria matxistak hainbat aurpegi ditu, eta horietako asko egunerokoan oharkabean pasatzen dira. Horiek identifikatzeko, haien inguruan hitz egiteko eta hausnarketa sustatzeko asmoz, Getxoko Udalak jarduera sorta antolatu du azaroaren 25aren harira. Egitaraua azaroaren 9an hasiko da, eta abenduaren 4ra arte luzatuko da.

Lehenengo hitzordua Hitza Bizi jarduera izango da, azaroaren 9an, Gurari Emakumeen Etxean. Bertan, azaroaren 25aren inguruko esanahiak eta aldarrikapenak landuko dituzte, hainbat hitzetatik abiatuta.

Hurrengo egunetik aurrera, azaroaren 10etik 17ra, Violencias invisibles argazki erakusketa bisitatu ahal izango da leku berean. Bizkaiko Gobernuaren Ordezkariordetzako Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Unitateagaz elkarlanean antolatutako erakusketak 16 panel izango ditu. Irudien eta egileen testuen bidez, emakumeek jasaten dituzten eta sarritan normalizatuta dauden indarkeria motak erakutsiko dituzte.

Horrez gain, azaroaren 10ean eta 24an, 11:30ean, sorkuntza artistikorako talde-saioak egingo dituzte Gurarin. Indarkeria matxistek gorputzean, emozioetan eta bizipenetan duten eraginaz hausnartzeko aukera eskainiko dute, ikuspegi feministatik eta sormenaren bidez.

Gazteentzako jarduerak eta dokumentalak

Gazteek ere izango dute euren lekua egitarauan. Azaroaren 17an, 16:00etatik 18:00etara, 13 eta 18 urte bitarteko neskentzat Aktiba zaitez! jarduera antolatu dute, Algortako eta Itzubaltzeta/Romoko gaztelekuen laguntzagaz. Hausnarketa partekaturako espazioa izango da, indarkeria matxisten inguruan gazteen ikuspegia lantzeko.

Hurrengo egunean, azaroaren 18an, Fabricando Mujeres 2.0 dokumentala proiektatuko dute, 18:00etan. Emanaldiaren ostean, solasaldia egingo dute Magdalena Lopez Gorritxo SETEM Hego Haizea erakundeko kideagaz.

Azaroaren 26an, berriz, emakumeen osasun mentalaren inguruko beste gai bati helduko diote: psikofarmakoen erabilerari. Mujeres y psicofármacos: la medicalización de los malestares de las mujeres izenburuko hitzaldi-eztabaida egingo dute 17:00etan, Elisabete Arostegi Santamaria Deustuko Unibertsitateko ikertzailearen eskutik.

Egitarauak abenduan ere jarraituko du. Hilaren 3an, 17:00etan, Lolaren bizikleta film laburra proiektatuko dute, eta ondoren egileekaz solasaldia izango da. Abenduaren 4an, 09:30ean, hezkuntza, gizarte eta komunitate arloetako profesionalei zuzendutako prestakuntza-saioa egingo dute. Haurtzaroko sexu-indarkeriak nola komunikatu eta prebenitu landuko dute, La bici de Lola album ilustratua oinarri hartuta.

Morez jantzita

Jarduera horiez gain, Getxoko Udalak bestelako ekimenak ere prestatu ditu azaroaren 25erako. Udal liburutegiekaz elkarlanean, indarkeria matxistaren inguruko irakurketa-gida bat osatuko dute, paperean zein formatu digitalean.

Era berean, indarkeria matxistaren aurrean dauden baliabideei eta laguntza-zerbitzuei buruzko informazioa zabalduko dute udalerriko hainbat gunetan, liburuxken eta bestelako materialen bidez.

Herriko puntu moreak berriro margotuko dituzte, eta pankartak jarriko dituzte eraikin esanguratsuetan. Horrez gain, Areetako kaiko pasealekua eta udalerriko igogailu publikoak morez argiztatuko dituzte, emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako aldarria herriko kaleetara eramateko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun