Getxoko kulturak aurpegi asko ditu, eta horietako batzuk oso ezagunak dira herritarren artean. Algortako The Piper's Irish Puben zuzeneko musikaz gozatu dutenek, Galdaretxen gozokiak erosi dituztenek edo Itxartu Taldearen dantza-emanaldiak ikusi dituztenek badute aurten zer ospatu. Izan ere, hirurak daude Getxoko Aixe! sarien XVI. edizioko irabazleen artean.
Sari-banaketa azaroaren 10ean egingo dute, martitzenean, Muxikebarrin, 19:00etan. Getxoko Udalak, Getxo Kulturaren bidez, antolatzen duen ekitaldiak herriko kultur bizitzan ekarpena egin duten 14 pertsona, talde eta establezimenduren lana aitortuko du.
Aurtengo sarituen artean dago Itxartu Taldea, 50. urteurrena ospatzen ari den Algortako elkartea. Mende erdiz euskal folklorea zaintzen eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen egindako lanagatik jasoko du kultur ondarearen saria. Herriko dantza eta ohiturei eusteko egindako ibilbidea aitortuko diote, beraz, urteurren berezi honetan.
Musikaren arloan, berriz, The Piper's Irish Pub sarituko dute. Algortako taberna ezagunak 25 urte bete ditu, eta denbora horretan zuzeneko musikaren topagune bihurtu da. Egungo musikaren kategorian jasoko du aitortza, herriko musika-giroari egindako ekarpenagatik.
Beste establezimendu historiko batek ere izango du bere lekua ekitaldian. Galdaretxe gozotegiak ibilbide profesional eta artistikoaren saria jasoko du. 1970ean Algortan sortutako familia-negozioak 56 urte daramatza artisau-gozogintzaren tradizioari eusten, eta herriko hainbat belaunaldiren egunerokoaren parte izan da.
Gastronomiaren arloan ere Algortako beste establezimendu bat sarituko dute: Iwasaki jatetxea. Japoniako sukaldaritzan espezializatutako jatetxeak Michelin gidaren Bib Gourmand bereizgarria du 2023tik.
Herritik nazioarteko agertokietara
Getxoko kulturaren eta sormenaren eragina herriko mugetatik harago ere iristen dela erakusten dute beste hainbat sarituren ibilbideek.
Horietako bat Andoni Martinez Barañano tenore getxoztarra da. Musika klasiko eta garaikidearen saria jasoko du, Madrilgo Teatro Realen eta Bartzelonako Gran Teatre del Liceun, besteak beste, egindako ibilbideagatik.
Zientziaren arloan, Maia Garcia Verginiony ikertzailea omenduko dute. Fisika kuantikoan eta material topologikoetan espezializatuta dago, eta 2023an American Physical Society erakundearen aitortza jaso zuen.
Bestalde, Verónica Uribe-Echevarría biologo molekular eta biomediko getxoztarrak Aixe Getxo Gaztea saria jasoko du. New Yorken dihardu zelulen birsorkuntzaren eta diabetesaren inguruko ikerketan, eta 2025ean Peter Sheehan Young Innovator Award saria jaso zuen.
Beste zazpi saritu
Ikus-entzunezkoen kategorian, Teresa Laviña zinemagilea sarituko dute, Romoko eta Areetako memoria historikoaren inguruan egindako dokumentalengatik. Arte plastikoetan, berriz, Olatz Otalora Landa artista bisualak jasoko du aitortza, Artium Museoaren eta Tabakaleraren JAI bezalako proiektuetan parte hartu duen sortzaileak.
Arte eszenikoen saria Iñigo Iraultza 'Iru' aktore, sortzaile eta zuzendariarentzat izango da, La Pez konpainian egindako lanagatik. Literaturaren kategorian, Federico Bilbao Solozabal poeta omenduko dute, hamar poesia-liburu baino gehiago argitaratu dituen egilea. Diseinuaren arloan, Charo Alvarez moda-diseinatzailearen lana aitortuko dute, Areetako bere tailerrean garatzen duen artisau-jardueragatik.
Arkitekturaren eta espazio publikoaren saria SOiL Arquitectura del Paisaje Getxoko estudioak jasoko du, ingurumenaren leheneratzean eta hiri-diseinuan egindako lanagatik. Azkenik, hezkuntzaren eta balioen kulturaren kategorian, Zirri Marra Arte Tailerra sarituko dute, bereziki GetxoArte Eskoletan proiektuaren bidez arte garaikidea ikastetxeetara hurbiltzeko egiten duen lanagatik.
Sarrera doakoa, gonbidapenagaz
Aixe! sarien XVI. edizioa azaroaren 10ean, 19:00etan, Muxikebarrin egingo dute. Ekitaldira joatea doakoa izango da, baina aurretik gonbidapena eskuratu beharko da. Gonbidapenak Muxikebarrin eta Romo Kultur Etxean jaso ahal izango dira.