GetxoArte programak hainbat ekimen antolatuko ditu azaroan zehar

Laura Fontalba Colomo

Aurreko Getxoarte programan, eskoletan ikasleak mural bat egin zuten.

GetxoArte 2026 programa azaroaren 5etik 29ra egingo dute, Romo Kultur Etxean eta Getxoko hainbat espaziotan. Sarrera doakoa izango da eta publiko guztiari zuzenduta egongo da.

Aurten ere, programak erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta parte-hartze artistikorako jarduerak bilduko ditu, arte garaikidearen inguruko topaketa eta hausnarketa sustatzeko helburuagaz.

Antolatzaileen arabera, programak artea "loturak sortzeko, galderak aktibatzeko eta harremanak izateko gure modua eraldatzeko gai den praktika gisa" ulertzen du.

Programaren ardatzetako bat, Getxoarte Ekoizpen Beka irabazi duen Julen Etxebarriaren El tercer paisaje (II) proiektuaren aurkezpena izango da. Aldi berean, Mi vecin@ es artista ekimena ere nabarmendu dute. Horren bidez, topaketarako eta elkarrizketarako guneak sortuko dituztela azaldu dute, parte-hartzaileak tokiko artistekaz eta euren lan-prozesuekaz harremanetan jartzeko. 

Gainera, beste pertsona batzuekaz "inplikatzea, probatzea, partekatzea eta sortzea" sorkuntza artistikoaren zati "funtsezkoa" dela diote; beraz, Getxoarte Eskoletan ekimenaren bidez, 13 artistek euren "egiteko moduak" partekatuko dituzte Getxoko zortzi ikastetxetako Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 17 eskola-taldeakaz. Horrez gain, Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa ere antolatuko dute.

Antolatzaileen hitzetan, azken ekimen horrek esperientzia artistikoa espazio publikora eramaten du, gorputza, begirada eta ekintza jokoan jarriz. Horrela, programak "esanahizko eraikuntza kolektibo baten aldeko apustua egiten du, non ahots eta esperientzia ezberdinek beren lekua aurkitzen duten". 

Egitaraua: 

Azaroaren 5etik 26ra

  • El tercer paisaje II, Julen Etxebarriaren erakusketa, Romo Kultur Etxean.
  • Astelehenetik barikura: 08:30-21:30.
  • Asteburu eta jaiegunetan: 09:30-20:30.
  • Sarrera doan. getxo-kultura.eus

Azaroak 7, zapatua

  • 10:00 — Helduentzako Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa, Algorta eta Andra Mari auzoetan. Abiapuntu/izapide gunea Muxikebarri izango da.
  • 09:00-10:00 — euskarriak zigilatzeko eta azken orduko izen-ematea.
  • 14:00-14:30 — lanak entregatzeko epea.
  • 14:30 — sari-banaketa.
  • Sei sari egongo dira, 500 eurokoak bakoitza. getxo-kultura.eus

Azaroak 8, domeka

  • 11:00 — Familientzako Aire Zabaleko Pintura Lehiaketa, Romo eta Areeta inguruan.
  • 5 eta 17 urte arteko adingabeak dituzten familiek parte hartu ahal izango dute.
  • 10:00-11:00 — euskarriak zigilatzeko eta izena emateko aukera, Romo Kultur Etxean.
  • Teknika librea izango da, eta gaia Romo eta Areetako natura- eta hiri-paisaiak. getxo-kultura.eus

Azaroak 21, zapatua

  • 17:30-19:30 — El tercer paisaje II erakusketaren bisita gidatua eta familia-tailerra, Romo Kultur Etxean.
  • Doakoa izango da, edukiera bete arte. getxo-kultura.eus

*Egitaraua ez dago osorik, jarduera batzuek oraindino ez baitute data zehatzik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun