Getxoko Udalak ia 500.000 euroko dirulaguntza jasoko du

Laura Fontalba Colomo

Dirulaguntza 2026ko ekitaldiko tokiko enplegurako laguntzetarako deialdiaren esparruan dago.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoak emandako dirulaguntzari esker, Getxoko Udalak 498.426 euro bideratuko ditu tokiko enplegura eta enpresetako kontrataziora. 

Udalak dioenez, dirulaguntza 2026ko ekitaldiko tokiko enplegurako laguntzetarako deialdiaren esparruan jaso du, eta bi jarduera-ildo nagusitara bideratuko du: alde batetik, 337.500 euro enplegurako, udalerriko 27 langabe zuzenean kontratatzeko; eta beste aldetik, 160.926 euro tokiko enpresei kontrataziorako laguntzak emateko.

Udal kontratazioei dagokienez, Getxon erroldatutako 27 pertsona kontratatuko ditu 20 udal-ekimenetan parte hartzeko. Kontratu horiek guztiek sei hilabeteko iraupena izango dute, lanaldiaren %50ean. Guztira, 21 administrari, enpresentzako dirulaguntzak kudeatzeko pertsona bat, informatikako teknikari laguntzaile bat eta lau langile –bi pertsona eraikinen mantentze-lanetarako eta beste bi pinturarako– kontratatuko dituzte.

Lanpostu horiek eskuratu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira: langabezian egotea, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa inskribatuta egotea, lanpostu bakoitzerako eskatzen den gutxieneko titulazioa edo prestakuntza izatea eta Getxoko udalerrian erroldatuta egotea. Eskaintzen kudeaketa azaroaren 17an hasiko da, parekatze eta hedatze modalitatearen bidez.

Enpresentzako laguntzei dagokienez, dirulaguntzak Lanbiden izena emanda dauden eta Getxon erroldatuta dauden langabeak kontratatu dituzten tokiko enpresentzat dira. Laguntzak jasotzeko, kontratuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: mugagabeak izatea, lanaldi osokoak edo partzialekoak; edo, artisten eta ikuskizun publikoetako teknikarien zein laguntzaileen kasuan, gutxienez hiru hilabeteko iraupen mugatuko kontratuak izatea, lanaldi osokoak edo partzialekoak.

Dirulaguntza horietarako deialdi bakarra egingo dute, eta izena emateko epea Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da –argitalpena abenduaren amaierarako dago aurreikusita–, eta 2027ko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik.

Deialdiari eta eskabide-izapideei buruzko informazio guztia Udalaren webgunean egongo da eskuragarri.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun