Algortako Dendak eta Romo Bizirik 1.000 euro zozkatuko dituzte tokiko merkataritza bultzatzeko

Laura Fontalba Colomo

Aurten, 70 establezimendu baino gehiagok parte hartuko dute kanpainan.

Algortako Dendak eta Romo Bizirik elkarteek, Getxoko Udaleko Ekonomia Sustatzeko Sailaren laguntzagaz, tokiko merkataritzan "erosketak sustatzeko, bezeroen fideltasuna saritzeko eta bi auzoetako merkataritza-eskaintza ezagutarazteko" kanpaina aurkeztuko dute.

Azaroaren 9tik 22ra, Algortako eta Itzulbaltzeta/Romoko 70 establezimendu baino gehiagok parte hartuko dute kanpainan. Antolatzaileek azaldu dutenez, bi aste horietan, parte hartzen duten negozioetan erosten edo kontsumitzen den bakoitzean, bezeroek 100 euroko hamar opari-txarteletako bat irabazteko aukera izango dute.

Parte hartzeko, bezeroek kanpainari atxikitako establezimenduetan erosketa edo kontsumo bakoitzeko txartel bat jasoko dute. Txartela bete eta negozioetan bertan jarritako kutxetan utzi beharko dute.

Proposamenaren bidez, bi elkarteek erosketak sustatu gura dituzte, eta, aldi berean, bi auzoen arteko “bezero-trukea” erraztuz, auzotarrak ohiko erosketak egiten dituzten saltokietatik kanpoko establezimendu, produktu eta zerbitzuak ezagutzera animatuz.

Aurtengo berrikuntzak

Aurten, Algorta eta Itzubaltzeta/Romoren arteko sari gurutzatuen sistema erabiliko dute. Horri esker, antolatzaileen arabera, Algortako saltokietan egindako erosketengatik sarituak suertatzen diren pertsonek Itzubaltzeta/Romon parte hartzen duten negozioetan gastatzeko txartelak jasoko dituzte, eta Erromon parte hartu dutenek Algortako saltokietan erabili ahal izango dituzte euren sariak.

Bestalde, Bizkerre Futbol Taldeko Haizea jokalaria eta Aner Zasi-Eskola Dantza Taldeko dantzaria ekimenaren protagonista bihurtuko dira. Helburua "bi auzoak mugimenduan jartzea eta bertako bizilagunak bertako merkataritzaren alde egitera animatzea" izango da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun