#0KM - Berton bertokoa

Begoña Diaz Alcaraz: “Moda industrialak ezartzen duen uniformetasunetik aldentzen saiatzen naiz”

Kostalde artisau-poltsa denda Algortako Etorbidean dago.

Begoña Diaz Alcarazek tapizeria-oihal eta berreskuratutako ehun-zatiakaz egiten ditu poltsak. 2015ean surf-taulako zorro bati esker hasitako proiektuak Wild Waves izena zuen hasieran. Gaur egun Kostalde du izena, eta bezeroek tailerrean bertan pertsonalizatu dezakete poltsa. 

Joskintzarekiko zaletasuna txikitatik izan du Begoña Diazek. Amaren eta auzoko jostun baten eraginpean hazi zen, eta hamaika urteakaz joskintza eskola batean hasi zen emakume helduagoakaz batera. Ikasketak zirela eta, formakuntza hori alde batera utzi eta ibilbide autodidakta jarraitu zuen. Urte batzuk geroago Diazen lehen alaba jaio zenean, berriro heldu zion josteko makinari, alabari arropa egiten hasi baitzen. Eskolako beste gurasoen interesa piztu zuten Diazen diseinuek, eta lehen enkarguak jasotzen hasi zen.

Hala ere, proiektuak 2015ean hartu zuen gaur egungo norabidea. Lagun batek surf-taularako oihalezko funda bat eskatu zion, eta hortik abiatuta tapizeria-oihalezko motxilak egiten hasi zen. Eskariak gora egin zuen, eta 2020an, pandemiaren konfinamenduagaz batera, poltsen aldeko apustua egitea erabaki zuen. “Materialetan inbertitu ondoren, poltsetan zentratzea eta fundak alde batera uztea erabaki nuen”, azaldu du dendariak. Hasieran etxetik egiten zuen lan, online salmentak eta artisautza-azokak uztartuz. 2022an, denda fisikoa ireki zuen, Getxoko Udalaren Lonjak Piztu programaren laguntzari esker.

“Denda eta tailerra ikusgai dituen espazio hibridoa da”, dio diseinatzaieak bere espazioaren inguruan. Bezeroek eginda dauden modeloak eros ditzakete edo tailerrera joan materialak aukeratzera; kanpoko eta barruko ehuna, eskulekuaren larrua eta kremailera pertsonalizatu daitezke. Poltsek, kostaldeari erreferentzia eginez, olatuen izenak dituzte: handienak Nazare  izena du, Portugalgo olatuaren omenez.

Begoña Diaz hasieratik bakarrik lanean aritu da: “Erronka handia da, artisau naizen aldetik arlo guztiak nire gain hartzen ditudalako; diseinua, patroigintza, ehunen bilaketa, jostea, sare sozialen kudeaketa eta salmenta”. Diazek dio bakarkako lan-eredu horren baitan zaila dela proiektu berriak barne hartzea, ekoizpen-gaitasuna bere eskuen menpe dagoelako erabat.

Era berean, zailtasun nagusia multinazionalen erritmo eta prezio lehiakorrak direla aitortu du. Diazek gertutasunean eta iraunkortasunean egiten du indar: “Gertutasuna, bakoitzaren neurrira sortutako diseinua eta prozesuaren gardentasuna eskaintzen ditut”. 

Esklusibotasunaren aldeko apustua

Diseinatzaileak garrantzi mardula ematen dio bezero bakoitzak pieza bakarra duela sentitzeari: “Nire helburua poltsa daraman pertsonak pieza berezia daramala sentitzea da, nortasun propioa duena eta bere neurrira diseinatua dagoena”. Horregatik, modelo bakoitzeko unitate gutxi ekoizten ditu, errepikapenak saihesteko eta eskusibotasuna bermatzeko. Moda industrialak ezartzen duen “uniformetasunetik” eta “eredu errepikakor masibotik” aldeltzen saiatzen dela mahaigaineratu du.

Ekoizpenari dagokionez, ehuna jada tailerrean badago poltsa eskatzen den momentutik entrega-epea bizpahiru egunekoa dela dio. Halere, hasieran Diazen eskuak ez ziren hain arinak eta ekoizpen prozesua motelagoa zen. Urteen poderioz trebetasun eta arintasun handiagoa lortu duela azaldu du. Aitzitik, ehun bat eskatu behar bada, astebete eta aste eta erdi artean behar da, eta epe hori hornitzailearen menpe dagoela azaldu du. 

Noizbehinka alaben laguntza jasotzen duela adierazi du, bere alabek ere modan interesa erakusten baitute. Bere alaba den Adrianak Gabby & Addy deituriko marka sortu zuen 2022an, eta jakak saltzen ditu bere amaren esklusibitate izaerari sendo jarrituz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun