Sarien bidez, Udalak merkataritza- eta zerbitzu-establezimenduak "aintzatetsi, sustatu eta ikusarazi" gura ditu. Adierazi duenez, hautagaitzak sei kategoriatan aurkeztu ahal izango dira.
Lehenengoa 20 urte baino gehiagoko merkataritza-ibilbidea duten saltokiei egongo da zuzenduta, euren tradizioa eta ibilbidea baloratuz. Beraz, ibilbide luzea izatea eta urteetan zehar garai berrietara egokitzea baloratuko da, baita belaunaldien arteko erreleboa ere.
Bigarrena azken hiru urteotan irekitako saltokientzat izango da: Komertzio sortu berria - ekintzailea izeneko kategorian. Euren inpaktua, originaltasuna, ekimena, ahalegina eta negozio-eredua izango dituzte kontuan, besteak beste.

Hirugarren kategoria 360 graduko jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duten saltokiei egongo da zuzenduta, kontsumo arduratsua edo ingurumenarekiko eta gizartearekiko errespetuzkoa sustatzen dutenentzat. Horrez gain, Garapen Jasangarrirako Helburuakaz lotuta daudenentzat ere izango da, bai hurbileko produktuak, produktu ekologikoak eta sasoikoak saltzeagatik, bai ekonomia zirkularragaz lotutako jardunbideak sustatzeagatik, bai zero zaborraren alde egiteagatik, bai hondakinen kudeaketa egokiari buruzko ekimenak egiteagatik, bai energia edo ura aurrezteagatik, bai gizarteratze-programak garatzeagatik, bai aukera-berdintasuna sustatzeagatik, besteak beste.
Laugarren kategoria, Berrikuntza, euren produktuei "balioa" gehitzen dieten zerbitzuak arrakastaz eskaintzen dituzten saltokiei zuzenduta egongo da: teknologiaren arloan, saltzeko modu edo zerbitzu berrien bidez edo salmenta-puntuan egokitzapenak eginez, besteak beste.
Bosgarren saria komertzio berritzaileentzat izango da. Udalerriko merkataritza-jarduera sustatzeagaz lotuta dauden saltokiei zuzenduta egongo da, hainbat jarduera eta programatan parte hartzen duten edo lankidetzan diharduten saltokiei, hain zuzen ere: KaiShop, GetxoAktibaTU!, Gabonetako kanpainak, Getxo Bono eta Izakinen Merkatua, elkarteek antolatutako dinamizazio-kanpainak eta tokiko erosketak sustatzeko banakako kanpainak, aholkularitza-programak...
Azkenik, Getxoren Arima kategoria eguneroko kontsumorako hurbileko saltokiei egongo da zuzenduta, euren errotzeagatik eta nortasunagatik "funtzio soziala" betetzen dutenentzat: zerbitzu-bokazioa, berezitasuna –bertako artistak hartzen dituztelako, artisau-produktuetarako edo artisten txokoren bat dutelako...–, bezeroei arreta emateko duten modua eta Getxoko ikur izatea.
Hautagaitzak aurkeztea
Hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 13an zabalduko dute, eta Udalaren webgunean eskaintzen duten formularioa betez aurkeztu ahal izango dira. Bertan, proposatutako saltokia zein kategoriatan aurkezten den adierazi beharko da, bere merituak ahalik eta argien azalduz. Proposamena justifikatzeko, informazio gehiago ere gehitu ahal izango da.
Udalak dioenez, "epaimahai kualifikatu batek" aztertuko ditu proposamen guztiak, eta saridunak hautatzeaz arduratuko da. Sariak otsailean egingo den sari- banaketa ekitaldian jakinaraziko direla ere aurreratu du.