Getxok 2027an Espainiako Itsasoko Arraun Txapelketa hartuko du berriz

Laura Fontalba Colomo

Getxo estatuko arrauneko txapelketa handien egutegian berriro kokatzeko aukera izango da.

Raspas A.E.k antolatuta, 2027ko irailaren 17tik 19ra Espainiako Itsasoko Arraun Txapelketa egingo dute Abrako uretan, Areetan. Txapelketak kadeteen, gazteen, absolutuen eta beteranoen kategoriak hartuko ditu.

Raspasek bigarren aldiz izango du estatuko lehiaketa honen antolaketa, 2024ko abuztuaren 9tik 11ra Getxok Espainiako Itsasoko Arraun Txapelketa ere hartu baitzuen. Mikel Baturene klubeko lehendakariak dioenez, aitorpen "garrantzitsua" da eurentzat; izan ere, teknikoki eta logistikoki ahalegin handia eskatzen die, baina Getxo eta euren "urak" Estatu osoko klub eta kirolariei erakusteko aukera ere ematen die. Beraz, "poztasun" handiagaz hartu dutela dio.

"Federazioak gugan konfiantza izatea bereziki baloratzen dugu. Gure ustez, 2024an antolatu genuen txapelketaren esperientziak eta emaitzak lagundu dute erantzukizun hori berriz ere gure esku uzten. Erronka berri honi ilusio handiarekin eta lehiaketaren mailan egoteko konpromisoarekin egingo diogu aurre", adierazi du, Espainiako Arraun Federazioari eskerrak emanez. 

2027ko Espainiako Itsasoko Arraun Txapelketa antolatzea, eurentzat erronka berri bat izango dela azaldu dute, baita Getxo estatuko arrauneko txapelketa handien egutegian berriro kokatzeko aukera ere.

Itsasoko arrauna

Azaldu dutenez, ur irekietan egiten den modalitate bat da, normalean, kostaldean, eta arraun olinpiko tradizionalaren aldean ezaugarri desberdinak ditu, modalitate hori ur lasaiagoetan eta ibilbide zuzeneko estropada-eremuetan egiten baita.

Itsasoko arraunean ontziek "inguruko baldintza aldakorrei" aurre egin behar dietela azaldu dute –olatuei, haizeari eta korronteei–, eta horrek kirolariei  "egokitzeko gaitasun berezia" eskatzen diela azaldu du, erresistentzia fisikoaz, teknikaz eta koordinazioaz gain. Euren ustez, modalitatearen erakargarritasun handiena kirol-eskakizunen eta itsasoarekiko harreman zuzenaren konbinazioa da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun