San Nikolas Ikastolako eraikin berria 2027ko maiatzerako amaitzea aurreikusten dute

Familiek eraikina obretan dagoela bisitatu ahal izango dute. © SAN NIKOLAS IKASTOLA

Algortako San Nikolas Ikastolako Haur Hezkuntzako eraikin berria forma hartzen ari da. 2027ko maiatzerako lanak amaitzea aurreikusten dute, eta 2027-28 ikasturtetik aurrera Haur Hezkuntzako azpiegiturak espazio bakarrean bilduko dituzte. Eraikinak egurra, argi naturala eta naturagaz lotutako espazioak izango ditu ardatz, umeen ongizatea, autonomia eta jolasa sustatzeko helburuagaz.

Eraikuntza lanek, gainera, hezkuntza mundutik kanpo ere interesa piztu dute. Izan ere, EHUko Bilboko Ingenieritza Eskolako 18 ikasle eta irakasle bertaratu dira proiektua ezagutzera. Elizondo Arkitektura taldeagaz elkarlanean antolatutako bisitan, egur kontralaminatuzko egitura eta erabilitako eraikuntza sistemak bertatik bertara aztertzeko aukera izan dute. Ikastolak jakinarazi duenez, eraikuntza sektoreko hainbat enpresa ere hurbildu dira obren bilakaera ezagutzera.

Eraikin berria ikastolak jasangarritasunaren alde martxan dituen ekimenen artean kokatzen da. Aurten, esaterako, eguzki plakak instalatu dituzte teilatuetan, urtean 106 MWh energia ekoizteko aurreikuspenagaz. Energia hori Auzoargi proiektuaren bidez inguruko famili eta herritarrekaz partekatzeko aukera izango dute. Horrez gainera, ikasturte honetan SanikoSolo eskola baratzea jarri dute martxan, ikasleek naturagaz harreman zuzena izan dezaten.

"Ez gara eraikin berri bat eraikitzen ari soilik; hezkuntza ulertzeko dugun modua eta ingurunearekiko konpromisoa gauzatzen ari gara", azaldu du Gaizka Arrizabalaga ikastolako zuzendariak.

Eraikin berria bisitatzeko aukera

Bitartean, ikastolan seme-alabak lehen aldiz matrikulatzeko interesa duten familiek eraikin berria barrutik ezagutzeko aukera izango dute. Horretarako, ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte abenduaren 16an eta 17an, eta urtarrilaren 20an eta 21ean.

Aurtengo berrikuntza nagusia familiek eraikina obretan dagoela bisitatu ahal izango dutela da. Bisitak gidatuak izango dira, eta segurtasun neurriak beteta egingo dituzte.

"Gure hezkuntza-proiektua aukeratzeko hautua aztertzen ari diren familiek modu berezian ezagutzea nahi dugu: seme-alabek lehen eskola-urteak biziko dituzten eraikinean bertan sartuz", adierazi du Arrizabalagak.

Jardunaldietan parte hartu gura dutenek www.sanikolas.eus webgunean, 94 430 54 78 telefonoan edo ikastolako idazkaritzan eman dezakete izena. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun