Albistea ezustean hartu duela aitortu du saridunak: "Ohore bat da niretzat, ez nuen espero, sorpresa izugarria izan da, oso harro nago eta nigan sinistu dutenei eskerrak ematen dizkiet".
Euskararekiko lotura etxean hasi zitzaion, gurasoek txikitatik euskararen eta euskal kulturaren aldeko maitasuna transmititu baitzioten. Trinitarias ikastetxean ikasi ondoren, Magisteritza ikastea erabaki zuen, euskara ikasteagaz batera. Gerora, ikastetxe berean hasi zen irakasle, eta bertan eman zituen 40 urte, erretiroa hartu arte.
Urte horietan, ikastetxearen euskalduntze-prozesuan parte hartu zuen. Hasieran A eredua baino ez zegoen, baina irakasle talde baten ahaleginari esker B eredua ezartzea lortu zuten. Bidea, ordea, ez zen erraza izan: irakasleen jarrerak aldatzea, materialak eta jolasak sortzea eta familien inplikazioa lortzea izan zituzten erronketako batzuk. "Poliki-poliki eta ilusio handiz" egin zutela gogoratu du.
Gaur egun, lan horren fruituak ikusteak ematen dio pozik handiena. Bereziki hunkitzen da ikasle ohiak euskaraz berba eginez hurbiltzen zaizkionean, urteetan egindako ahaleginak arrastoa utzi duela sentitzen duelako.
Euskara, ikasgeletatik kalera
Erretiroa hartu arren, Martinez Erostarbek ez dio euskararen aldeko lanari utzi. Getxoko kultur bizitzan parte hartzen jarraitzen du, eta euskarazko jarduerak sustatzeko ekimenetan ere aritzen da. Haren ustez, herrian euskarazko kultur eskaintza gaztelaniazkoa baino urriagoa da, eta kezkatuta dago euskara dakiten herritarren kopuruaren eta eguneroko erabileraren artean dagoen aldeagaz.
Panderoa eta txalaparta jotzea ditu zaletasunen artean, eta kalean zein kultur ekitaldietan jotzeko aukera baliatzen du euskal giroa sustatzeko. Agate Deuneko ospakizunetan, San Juan gaueko jardueretan eta bestelako irteeretan ere parte hartzen du ahal duen guztietan.
Baina haren ustez, euskara sustatzeko ez dira beti ekimen handiak behar. Eguneroko keinu txikiek ere badute garrantzia, eta horregatik saiatzen da lehen hitza beti euskaraz egiten. Gainera, aitortu du sarritan ezusteko atseginak hartzen dituela euskaraz ez zekitela uste zuen pertsonek hizkuntza badakitela konturatzean.
"Uste dut oso garrantzitsua dela beti saiatzea, lehen hitza euskaraz egiten, dakizkigun esamoldeak aipatzea, ohitura sortzea, egunero keinuak egitea, pozik, poliki eta gelditu gabe", azpimarratu du aurtengo saridunak.