Udalak aurreratu duenez, bisitak euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, eta gehienez 20 laguneko edukiera izango dute saio bakoitzeko, espazioaren ezaugarriek eta bertan egiten ari diren obrek baldintzatuta. Ibilbideak barikuetan, zapatuetan eta domeketan egingo dituzte, baita jai- eta zubi-egunetan ere, 60 minutu inguruko iraupenagaz bi txandatan: 11:30etik 12:30era eta 16:30etik 17:30era.
Helburua gotorlekuaren historiari eta ezaugarri arkitektonikoei buruzko azalpenak eskaintzea izango da, baita esparruan egiten ari diren arkeologia- eta arkitektura-lanei buruzko informazioa ere. Gainera, gotorlekuaren erabilera eta bilakaera testuinguruan jartzeko, material grafikoak eta berregite historikoak ere egongo dira eskuragarri.
Parte hartzeko, aldez aurretik webgunearen bidez eman beharko da izena. Izena eman ostean, bisitara joan ezin izatekotan, erreserba bertan behera utziko dutela jakinarazteko eskatu du Udalak, beste pertsona batzuek plazak baliatu ahal izan ditzaten.