BBK Mendimartxak egitasmoak Getxon egingo du urteko azken mendi-ibilaldia domekan

Ibilki Mendi Taldea aurreko irteeretako batean. © IBILKI

Mendiko botak jantzi eta Getxoko inguru naturalak ezagutzeko aukera izango dute mendizaleek datorren domekan,azaroaren 22an. Izan ere, BBK Mendimartxak egitasmoak bertan emango dio amaiera 2026ko egitarauari, Ibilki Mendi Taldearen eskutik. Oraingoan, Munarrikolanda inguruan barrena ibiliko dira parte-hartzaileak, kostaldearen eta barnealdearen arteko paisaiez gozatzeko.

Ibilaldia 09:00etan abiatuko da Algortako TikiToki zentrotik, baina parte-hartzaileen kontrola 08:15ean hasiko da. Guztira, 14 kilometro ibilbide zirkularra prestatu dute, 452 metroko desnibel metatuagaz. Zailtasun ertainekoa izango da, eta bidean bidezidor naturalak, begiratokiak eta paisaia-balio handiko txokoak zeharkatuko dituzte.

Antolatzaileek gehienez 450 lagunentzako lekua ezarri dute, mendizaleen segurtasuna bermatzeko eta ingurune naturala zaintzeko. Gainera, irteera Aiboako metro geltokitik gertu egongo da, garraio publikoan bertaratu gura dutenentzat.

Mendia, guztiontzat

BBKren eta Bizkaiko Mendizale Federazioaren bultzadaz sortu zen BBK Mendimartxak, herritarrak mendira hurbiltzeko eta naturaz modu jasangarrian gozatzeko helburuagaz. Aurten, besteak beste, Berriz, Portugalete, Otxandio, Zeanuri, Ortuella eta Barakaldo zeharkatu dituzte ibilaldiek. Getxokoa izango da urteko azken hitzordua.

Oraingo honetan, Ibilki Mendi Taldea izango da anfitrioia. Mendiko eta aisialdiko jarduerak antolatzeaz gain, inklusioa eta aniztasuna sustatzen ditu elkarteak. Besteak beste, desgaitasuna duten pertsonen parte-hartzea, kulturartekotasuna, migrazioa, emakume migratzaile arrazializatuen ahalduntzea eta etxerik gabeko pertsonen egoera lantzen ditu bere proiektuetan.

"Mendian denontzako lekua dago", aldarrikatzen dute Ibilkiko kideek. Filosofia horregaz bat egiten du BBK Mendimartxak egitasmoak ere; hau da, mendiaz gozatzea, ingurunea errespetatzea eta pertsona guztien parte-hartzea sustatzea. Horregatik, ibilbideak familiei eta desgaitasuna duten pertsonei parte hartzeko aukerak errazteko diseinatzen dituzte, eta parte-hartzaile kopurua mugatzen dute naturaguneen masifikazioa saihesteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun